Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el viernes día 5 de Agosto de 2022.
“Garai bateko euskal nortasunaren ispilu izan nahi du Irungo Euskal Jirak”
Irungo Euskal Jiraren lehen edizioa 1928ko abuztuaren 15ean egin zen. Ia 100 urte hauetan jarraian antolatu ez bada ere, hiri bidasotarrak ospatzen duen euskal festa handiena dela esan daiteke inolako zalantzarik gabe. Bere garrantzia handia bada ere, osasun krisiak gogor astindu du Euskal Jira antolatzen duen elkartearen egoera. Hala dio bere arduraduna den Iñaki Olazabalek festaren jarraipenerako irundarren kolaborazioa funtsezkoa izango dela adieraziz. Dena den, aurtengo edizioa nobedadez beterik dator asteburu honetan: ekitaldia hiru egunetan zehar ospatuko da lehen aldiz.
Noiztik egiten da Irungo Euskal Jira?
Aurten egingo dugun edizioa 42.a da, ekitaldiaren aro garaikidearena, noski. Hau Euskal Jira lehenagotik egiten zela badakigulako esaten dut. Pasa den mendeko 50. hamarkadan egiten zen, eta Gerra Zibila baino lehenago egiten zen ere. Baina horrela, jarraian, gaur egungoa da ekitaldia antolatzen den bolada luzeena.
Eta zein da festaren helburua?
Batez ere, gure hiri eta herrietan izan ditugun aspaldiko ohiturak, lanak edo tokiak gogoraraztea da. Jende gazteak ez ditu euskal kulturaren elementu bereizgarri asko ezagutzen. Urteekin ofizio asko galdu egin dira eta horregatik ezezagunak izan daitezke; hauek oroitaraztea da Euskal Jiraren xedeetako bat. Baina, beste aldetik, tokiak ere gogorarazi nahi ditugu: adibidez, Irunen garai batean egon ziren baserriak, edo Urdanibia plazan zeuden sagardotegiak. Azken finean, garai bateko euskal nortasunaren ispilu izan nahi du Euskal Jirak.
Mundu guztiarentzat izan da denbora zaila, bai, baita guretzat ere. Gure kasuan, pandemiak gogor astindu gaitu. Zoritxarrez, aurten gurekin beti egon diren zenbait pertsona ez dira egongo, joan egin direlako, eta beste batzuk gaixotasuna pasa dute eta momentu hauetan ez dute gurekin kolaboratzeko indar nahikorik. Hala ere, gaudenok ilusio handiarekin erronka honi aurre egin nahi diogu eta espero dugu edizio hau, besteak bezala, ondo ateratzea. Garran-tzitsuena, jendeak animatzea eta festan parte hartzeko erabakia hartzea da. Beraiekin gabe, Euskal Jirak ez luke zentzurik izango.
Aurtengo programa hiru egunetan zehar banatuta dago: ostirala, larunbata eta igandea. Normalean Euskal Jira egun bakar batean egiten zen.
Bai, hau izango da formatu berri honen lehenengo urtea. Pandemia hasi baino lehen, guk Udalarekin jada genuen hitz eginda Euskal Jira asteburu oso batean zehar antolatu nahi genuela. Orain arte, egun potentea beti larunbata izan da, eta hori ez da momentuz aldatuko. Hala ere, iganderako zerbait esangura-tsua prestatu nahi genuen eta aurten, Udalaren laguntzarekin, Gipuzkoako lehenengo pentatloi txapelketa izango dugu Urdanibia plazan. Herri kirolei programan garrantzia handiagoa emateko aukera izugarri bat genuela ikusi genuen eta zalantzarik gabe aprobetxatu behar genuela erabaki genuen. Gure asmoa datozen urteotan horrela jarraitzea da, euskal kulturaren alde asteburu oso bat antolatzen.
Euskal Jiraren ekitaldi nagusia larunbata arratsaldean ospatzen den gurdien desfilea da. Zertan datza, zehazki?
Bai, arratsaldeko 18.00etan hasiko da eta Letxunborro hiribidetik aterako gara. Desfilean, gurdiez aparte, dantza eta musika taldeak egongo dira, Irungo Atseginako erraldoiak, joaldunak eta, garrantzitsuena, herriko jendea. Eguraldi ona izatea eta bi urte hauek pasa eta gero jendearen erantzuna ona izatea eta gurdien atzean dantzari asko egotea espero dugu.
Desfilearen ibilbidea nondik pasatzen da?
Letxunborrotik hasita, Hondarribia kaletik, Koloi pasealekutik, Foru kaletik, Kale Nagusitik eta San Martzial kaletik pasako gara. Ekitaldia Urdanibia plazan amaituko da.
Zeintzuk dira gaur egun Euskal Jira elkartearen behar nagusiak?
Behar nagusiena, nire ustez, kolaboratzaile gehiago biltzearena da. Azkenean, Euskal Jiraren ekitaldi nagusia, larunbateko gurdien desfilea, antola-tzeko jende pila bat behar dugu. Gurekin batera zenbait elkarte egiten dute lan, eta bakoitzak bere gurdia prestatzen du bere kabuz. Gurdiak egiteko geroz eta zailtasun gehiago ditugu, ez dugu jende nahikorik aurkitzen eta daudenen gehienak nagusiak dira eta asko nekatzen dira. Beste aldetik, egia da gero Urdanibia plazan ditugun txosnetan lan egiteko kolaboratzaileak aurkitzeko arazorik ez ditugula. Amaitzeko, antolaketa egiten dugun lan taldean ere jende gehiago behar dugu.
Kolaboratzeko deialdia egingo dugu, orduan?
Aukera ematen badidazu, bai. Euskal Jiraren alde zerbait egin nahi duen pertsona orori gure bileretara hurbiltzeko gonbidapena luzatzen diegu. Laguntza guztia ongi etorria izango da. Aurten gure webgunea berritu egin dugu (irungoeuskaljira.com), eta han aurkitu daitezke gurekin harremanetan jartzeko bideak.
Zer esango zenieke irundarrei aurtengo Euskal Jiran parte hartu dezaten?
Alferkeria alde batera utzi dezatela, baserritarrez jantzi eta kaleetara irteteko. Egun polit bat pasatzeko aukera paregabea izango da, are gehiago desfilera gehitzen direnentzat. Beraz, animo eta etorri disfrutatzera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario