Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el jueves día 22 de Diciembre de 2022.
Trafikoa noranzko bakarrekoa izango da eta 5 metro zabal den errei bat sortuko dute. Espaloiak zabaldu egingo dituzte ere eta pasabide berriak egin.
Ohiko bilkura egin du udal gobernuak eta Dunboa auzoko Poxpologile kaleko zoladuraren eta azpiegituraren obrak kontratatu dituztela jakinarazi dute, 2.491.993,50 eurogatik. Zehazki, proiektu teknikoa eta klausula administratibo berezien plegua onetsi dute.
Uztailean aurkeztu zuten kale horretarako proiektua eta berritzea da asmo nagusia. Izan ere, urteen poderioz espaloiak deformatu egin dira eta azpiegiturak kaltetu. Horrez gain, kalea berrantolatu egingo dute.
Ibilgailuek noranzko bakarrean zirkulatu beharko dute, eta 5 metro zabal den errei bat sortuko da, ” ibilgailuak kalearen bi aldeetan baterian aparkatu ahal izateko”. Antolamendu berri honi esker, oinezkoentzako espaloi zabalak egingo dituzte eta oraingo maila aldeak berdindu. Zuhaitz berriak ereingo dituzte, eta eite txikiko zuhaitzak landatu, “etxebizitzak hurbil egotearekin bateragarriak izan daitezen”.
Pasabide gehiago sortuko dituzte eta horiek goratuak izango dira, ibilgailuek abiadura murrizteko. Bestetik, espaloiak hobeto zolatuko dituzte, Nafarroa hiribidekoen antzeko baldosak jarrita, eta etxe atarietako irisgarritasuna hobetuko dute. Lan hauen baitan argiteria ere berrituko dute eta LED argiak ezarri. Gainera, saneamendu lanak ere egingo dira behar den lekuetan.
Proposamenak biltzeko prozesua egin zuten eta hamabi ekarpen izan ziren jasotakoak: erdia, kalean ezartzekoa zen zirkulazio noranzkoa aldatzearen alde, eta beste bat, kontra; bi, kaleko zeharkako maldak zuzentzeko eskatzeko, fatxadetan urik ez izateko; eta besteak, aparkatzeko tokien, atarien eta ibien inguruan, besteak beste.
Proiektuaren aukerak aztertuta, azken jarduketan norakoaren aldaketa jasoko dela adierazi du udalak, eta norako bakarreko kalea izango da, Ramón Iribarren kaletik sartuta kanalerantz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario