Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el martes día 20 de Diciembre de 2022.
Bidasoa Bizirikek Irungo bi enpresetan Karbono Aztarna Korporatiboa kalkulatu eta hura murrizteko urratsak eman ditu.
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Biziriken bitartez, ‘Karbonoa kentzea, klima aldaketa arintzea eta trantsizio ekologikoa sustatzea’ proiektu pilotua abiatu dute, Irun eta Hondarribiko enpresa txiki eta ertainei (ETE) Karbono Aztarna Korporatiboa kalkulatzen laguntzeko.
Azken urteetan, Bidasoako enpresa txiki eta ertainei trantsizio ekologiko horretan laguntzeko beharra antzeman dute Garapen Agentziatik, klima aldaketaren deskarbonizazioa eta arintzea sustatzeko. “Testuinguru horretan, Bidasoa Bizirikek proiektu pilotu bat jarri du martxan Irungo bi industria enpresarekin, karbono aztarna kalkulatu eta murrizteko beharrezko tresnak eskaintzeko. Esperientzia pilotu honen helburua da ondoren beste enpresa batzuetara zabaldu ahal izango den lan metodologia bat garatzea”, adierazi du Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirikeko presidenteak.
Teknimap, Energia y Medio Ambiente aholkularitza enpresaren laguntzarekin, gida bat garatu dutela gaineratu du Paezek, enpresei Karbono Aztarna Korporatiboaren kalkulua errazteko.
Irungo bi enpresa
Proba pilotua Irungo Dinuy eta Plásticos de Lezo enpresetan gauzatu da. Azterketa sakona egin ondoren, bi enpresa horien Karbono Aztarna Korporatiboa kalkulatu eta hura murrizteko urratsak eman dira.
Dinuy enpresako Amaia Asurmendik adierazi du esperientzia “oso positiboa” izan dela: “Teknimap, Energia y Medio Ambiente bezalako kanpoko enpresa baten aholkularitza eduki ahal izateak gure emisioak zein diren hobeto identifikatzen lagundu digu. Gure kasuan hasi gara dagoeneko gure karbono aztarna hobetzen, azaroaren 1etik martxan dauden eguzki plakekin”.
“Garapen Agentziatik ulertzen dugu proiektu honek enpresei lagunduko diela eta trantsizio ekologikorako bidea erraztuko duela. Trantsizio ekologikorako urrats hau beharrezko da eskualdeko ETEen lehiakortasuna bermatzeko”, jakinarazi du Maria Serrano Bidasoa Bizirikeko presidenteordeak.
Bidasoa Bizirik programa berri bat prestatzen ari da 2023an karbono aztarna kalkulatzeko eta Irun eta Hondarribiko enpresei hori murrizteko tresnak eskaintzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario