miércoles, 1 de marzo de 2023

Udal Haur Eskolako aurre matrikulazio kanpaina martxoaren 13an hasiko da

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el miércoles día 1 de Marzo de 2023

Udal Haur Eskolako aurre matrikulazio kanpaina martxoaren 13an hasiko da

2021ean, 2022an eta 2023an jaiotako haurren familiei zuzendutako deialdia da aurtengoa. Eskariak egiteko hiru bide izango dira.

Irungo Udalaren Haur Eskolako aurrematrikulazio epea hasiko da martxoak 13an. Uztapide Bertsolaria kalean dago eraikina eta guztira, 75 plaza dira eskaintzen dituztenak.

Aurtengo ikasturtea 2021ean, 2022an edo 2023an jaiotako haurren familiei zuzendutakoa da. Aipaturiko azken urte horretan jaiotakoen kasuan, maiatzaren 31ra bitarte jaiotakoak bakarrik onartuko dituzte.

Eskaerak egiteko hiru bide daude: Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ); autozerbitzuko terminaletan; edo Irungo Udalaren webgunean. Azken aukera hautatzekotan sinadura elektronikoa izan behar duela eskatzaileak gogoratu du udalak.

Esleipenak egiteko baremoak aurreko deialdietako berdinak izango direla zehaztu dute. Baremo horiek eskainitako plazak baino gehiago baldin badira aplikatuko dituzte soilik: ” Familia- unitatearen diru-sarrerak, anaia-arrebarik duten, gurasoen lan-egoera, familia gurasobakarra izatea eta familia-unitatean dibertsitate funtzionala duten kideak egotea”.

2021 eta 2022an jaiotakoen behin-behineko zerrendak, martxoaren 13tik 31ra argitaratuko dituzte; 2023an jaiotakoenak, berriz, martxoaren 13tik ekainaren 5era bitarte. Zerrendak publiko egiterakoan, alegazioak egiteko epea hasiko da. Geroago, behin betiko zerrendak argitaratuko dituzte.

Lehenagotik, baina, ate irekien jardunaldiak egingo dira; martxoaren 15ean euskaraz, eta martxoaren 23an gaztelaniaz, biak ala biak 17:00etan. Informazio guztia, inprimakiak, oinarriak etab udalaren orrialdean topa daitezke, edota 010 zenbakira deituta, 943 50 51 52 zenbakira Irun kanpotik deituz gero.

 



No hay comentarios: