jueves, 27 de abril de 2023

Bosgarren autobus linea sortuko dute Irunen

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el jueves día 27 de Abril de 2023.

Bosgarren autobus linea sortuko dute Irunen

Elizatxo goialdetik Ficobaraino joango da linea berria, Mendibil ingurutik pasatuz. Horretarako, lau autobus elektriko berri erosiko dituzte.

Irunbus zerbitzuak bosgarren autobus linea bat izango duela iragarri zuen atzo Borja Olazabal udal ordezkariak. Horretarako, lau ibilgailu elektriko berri erosiko dituzte eta, gainera, autobusen barruko ekipamendua berrituko dute teknologia berria erabilita. 

Biharko osoko bilkuran bozkatuko dute kontratu bat zeinen helburua den “Irungo hiri barruko garraio kolektiboko zerbitzu publikoa ematea; autobusak eta haien barruko ekipamendua izan ezik, zerbitzua emateko beharrezkoak diren elementu guztiak eskuratzea; eta instalazioak, ibilgailuak, karga puntuak eta autobusen barruko ekipamendua kontserbatu eta mantentzea”.

5. linea

Bihar bozkatuko duten kontratuaren puntu nagusia bosgarren linea sortzea izango da. 5. linearen ibilbide berriak Elizatxo goialdeari egingo dio zerbitzu, Elatzeta eta Lapitze kaleetan barrena igaroko da eta Mendibil ingurura ere sartuko da, Zuberoa kalean eta Nicolas Gerendiain kalearen goiko aldean parada izanda, Ficoba eta Stadium Gal alderaino.

Kontratu horretan bosgarren lineari buruzkoak ez ezik, bestelako konpromiso batzuk ere hartuko dituzte linea guztiei eragingo dietenak.

Bada, 1. eta 2. lineetan, egun osoko egun osoko irteera ordutegiak bat egingo dira, eta, lehenengo orduan, zerbitzu berriak eskainiko dira, ibilgailu elektrikoak ospitaleko, Zaisako eta suhiltzaile parkeko abiaburuetan kargatzeko denbora nahikoa izateko.

Bestetik, 3. linean, behin 2. linean autobus elektrikoak sartuta, edukiera handiagoko ibilgailu bat sartuko da.

Aldiz, 4. linean, Lope de Irigoien kaleko geralekua kenduko da, eta geraleku berri bat jarriko da, Hendaia kalearen goialdean. Gainera, behin 2. linean autobus elektrikoak sartuta, edukiera handiagoko ibilgailu bat sartuko da kasu honetan ere.

Azkenik, Gautxori zerbitzuan, maiztasuna handituko da, beste autobus bat eskuratuko baita: bi autobusei esker, helmuga bakoitzera 60 minutuan behin egin beharrean zerbitzu, 30 minutuan behin egingo da.

 

No hay comentarios: