Noticia publicada en Diario Noticias de Gipuzkoa,el lunes día 12 de Junio de 2023.
2020ko Loidi bekaren lana, ‘Bertsolariak Irunen XIX. mendean’, asteazken honetan aurkeztuko da
‘Bertsolariak Irunen XIX. mendean’ Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin ikertzaile irundarren liburua da
Udaleko Euskara arloak Bertsoak eta Bertsolariak Irunen XIX. mendean, 2020ko edizioari dagokion Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka irabazi zuen lana ezagutaraztera eraman du. Zehazki, lana Miren Echeveste jarduneko Euska ra ordezkariak aurkeztu zuen, Alberdania argitaletxeko Jorge Giménez editorearekin eta Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin Irungo ikerlariekin batera.
Irungo eta Bidasoa ibaiaren bokaleko herrietako XIX. mendeko bertso ondarea aurkezten digu Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean izeneko lanak. Bi egiteko nagusi izan dira ikerketa honen oinarrian: bertso-sorta eta testigantzen bilketa, batetik, eta haien aurkezpena eta interpretazioa, bestetik.
Lan honek datu jakingarri asko eskaintzen du bertsoei, haien egileei, eta kantatu edo moldatu ziren uneko gorabeherei buruz. Irun izan da ikerlanaren abiapuntua eta, egileak irundarrak izaki, Irungo ikuspegitik aurkeztua dela esan liteke; halarik ere, Hendaian eta Hondarribian bilduriko testigantzen berri ere eman dute, ongi jakinik ezin dela haiek gabe bertako ondarearen berri eman. XIX. mendeko testigantzak ez ezik, XVIII. mende bukaerako batzuk ere bildumaratu dituzte; izan ere, XIX. mendea ikerlanaren denbora esparrutzat hartu den arren, garai haren bezperako lekukotasunak ere gogoan hartu nahi izan dituzte autoreek.
Ohiz kanpoko ikuspegia dakar bilduma lan honek Euskal Herriko bertso ondarearen gaineko ikerketa mundura, eskualde ttiki bateko bertsogintzak XIX. mendean eskaini zituen lanen berri ematen duen aldetik. Bestalde, ezinbestekoa dute ikerlan hau, bertako bertsoez gainera, Irun eta Hondarribiko min-tzairaren berezitasunak ezagutu nahi dituzten guztiek.
Jorge Giménez editoreak adierazi zuenez, Alberdaniak argitaratu du liburua, eta dagoeneko eskuragarri dago Irungo eta Hondarribiko liburu-dendetan, 22 euroren truke, guztira 200 ale argitaratu baitira paperean. Halaber, ebook bertsioan eskuratu ahal izango da 13,99 euroren truke.
Gainera, dtorren asteazkenean, ekainak 14, 19.00etan, Joxan Elosegi eta Aitor Errazkinen liburu hau aurkezteko ekitaldia egingo da Irungo CBA Udal liburutegiko Jose Antonio Loidi aretoan. Sarrera librea izango da, leku-kopurua bete arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario