Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el lunes día 9 de Octubre de 2023.
Euskara praktikatzea xede duen programaren izen-emateak hilaren 10etik 20ra egin behar dira Irungo Udalaren webgunean. Aurten mintzalagun jardun dezaketen pertsonei egin diete dei bereziki.
Mintzalaguna egitasmoa Irunen lurreratuko da beste urte batez, eta euskara praktikatzea xede duen programaren xehetasunak aurkeztu dituzte gaur Irungo Udal Euskaltegian Nuria Alzaga Irungo Udaleko Euskara ordezkariak eta Miren Tolosa Udal Euskaltegiko zuzendariak.
Mintzalaguna B1-etik gorako maila duten herritarrei zuzendua dagoela adierazi dute. Egitasmo horretan, lauzpabost pertsonako taldeak osatzen dituzte. Euskal hiztuna den parte hartzaileak (mintzalaguna) taldea dinamizatzen du, eta gainerakoak, euskara praktikatu nahi dutenak (mintzakideak), euskaraz arituko dira mintzalagunaren laguntzarekin.
Taldeak astean behin biltzen dira beren kaxa, eta euren artean adosten dituzte, prestasunaren arabera, bilkuren eguna, ordua eta lekua. Antolatzaileek nabarmendu dute parte hartzaile askorentzat lagun euskaldunak egiteko modua dela Mintzalaguna programa. Horrez gain, gaineratu dute aukera ematen diela taldetik kanpo ere euskaraz bizitzeko.
Honela definitu du Nuria Alzagak Mintzalaguna programa: “Ekimen honekin Irungo herritarrak gonbidatu nahi ditugu modu ludiko batean euskara praktikatzera. Aukera ezin hobea da lagunak egiteko, jendea ezagutzeko, euskaraz mintzatuz. Uste dugu, gainera, gure hirian euskararen presentzia areagotzeko eta transmisioa indartzeko oso lagungarria dela Mintzalaguna programa”.
Aurtengo ekitaldirako mintzalagun jardun dezaketen pertsonei egin diete dei bereziki, talde berriak osatu ahal izateko eta euskara praktikatu nahi duten mintzakide berriek parte hartu ahal izan dezaten. Izen-emateak hilaren 10etik 20ra bitartean egin behar dira Irungo Udalaren webgunearen bidez. Informazio gehiagorako, udalak Euskara arloaren ataria ahalbidetu du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario