Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el miércoles día 11 de Octubre de 2023.
Larunbat honetan egingo dute bilketa Lesakatik Hondarribiraino, 09:30etik 12:00era. Parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago.
Recicla Birziklatu elkarteak Bidasoa ibaia garbitzeko dei handi bat egin die bidasoarrei larunbat honetarako, hilak 14. Lehorretik nahiz ibaitik, Lesakatik Hondarribiraino egingo da garbiketa eta bide horretan dauden herriko etxeen babesa jaso du ekimenak: Bera, Lesaka, Biriatu, Urruña, Irun, Hendaia eta Hondarribia.
Parte hartzeko aurretik izena eman behar da, uretan joango direnen pertsona kopurua zehaztea garrantzitsua baita zenbat kayak, piragua, paddle surf taula edo surf taula beharko diren kalkulatzeko. Bestetik, uretatik garbiketa egin baina haien ontzi propioa dutenek bihar dute izena emateko epemuga. Gainontzeko parte hartzaileek txantiloi bat bete beharko dute elkartearen orrialdean topa daitekeena.
Uretatik joateko gutxieneko adina 10 urtekoa izango da eta heldu batek lagunduta joan beharko dute. Bestalde, Endarlatza eta Biriatu tartean parte hartzea mugatua izango da, “piragua zurrunekin eta paddle puzgarriekin bakarrik joan ahal izango baita. Ibilbide honetan neoprenozko jantzia eramatea gomendagarria da”. Lurreko garbiketa, aldiz, bide gorritik eta ibai ertzetako pasealekuetatik egingo da.
Boluntarioak behar dituztela ekimenaren antolakuntzarako adierazi dute antolatzaileek ere eta horretarako haiekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Instagram sare sozialean topa daitezke.
Garbiketaren amaieran, Etorbidearen zubian piknik bat antolatu dute boluntarioentzat. Horrez gain, puntu horretan jasotako zabor guztia elkartuko dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario