Berdintasun dokumental eta ipuinak Irunen
Parean eta Asun Casasola Berdintasunaren Aldeko elkarteek dokumental baten proiekzioa eta Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia antolatu dituzte datorren asterako.
Emakume Eguna gainean da, eta Parean eta Asun Casasola Berdintasunaren Aldeko elkarteek egitarau zabala prestatu dute hurrengo asterako.
Alde batetik, martxoaren 5ean Sustraietatik eraldatuz. Haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu dokumentala aurkeztuko dute CBA liburutegian, 19:00etan. Proiekzio horrek haur eta gazte literaturak genero berdintasunaren eraikuntzan nola eragiten duen aztertzen du. Liburutegietan haurren esku dauden liburuak aztertzeko zenbait ikerketen berri ematen da dokumentalean, eta gaiaren aditu diren hainbat pertsonarekin ere hitz egin dute.
Bestalde, martxoaren 7an Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute Kabigorri Ateneoan, 19:00etan. Aurtengoa ipuin lehiaketaren IX. ekitaldia izan da, eta, orotara, 315 lan jaso dituzte. Idazleen %65a, gainera, emakumeak dira. Antolatzaileek “eskerrik beroenak” eman dizkiete parte hartzaile guztiei, baita beren ekarpena egiten duten ikastetxeei eta Irungo AEKri, “haien ateak ireki eta egitasmoan parte hartzeagatik”.
Sari banaketa ekitaldian aurtengo irabazleak ezagutaraziko dituzte, eta ipuin irabazleak irakurtzeko eskualdeko kazetariak izango dituzte bidelagun: Maria Jose Atienza, Ander Arzak, Mikel Gartzia eta Maria Lui Garcia. Maite Elizondo arparekin arituko da, eta Asun Casasola ere Kabigorrin izango da. Ekitaldia bukatzeko, luntx bat prestatuko dutela aurreratu dute antolatzaileek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario