Aparkalekuei buruzko zortzi alegazio aurkeztu dizkio HMJPri Elkarrekin Irunek
Egungo aparkaleku ereduak ez duela funtzionatzen diote eta arazo horri aurre egiteko zortzi proposamen ondu dituzte, HMJPean jasotze aldera.
Elkarrekin Irunek alegazioak aurkeztu dizkio udalak aurkeztutako HIri Mugikortasun Jasangarrirako Planari. Guztira, zortzi proposamen landu dituzte eta hauen helburua, “dagoeneko funtzionatzen ez duen” aparkalekuaren gaineko arazoa konpontzea dela azaldu dute.
TAO eta lurpeko aparkalekuen kudeaketa eredua aldatzea proposatu dute, publikoa bilakatzeko eta ordaindu beharreko prezioa, enpresa handi baten mozkinik gabekoa izan dadin. Horrez gain, TAO guneak “berrantolatzea” proposatu dute, auzotarrekin batera prozesu parte hartzaile baten bidez.
Aparkaleku plazen %80 mistoak izatea galdegin dute ere, “non 18:00etatik 08:00etara, asteko egun guztietan egoiliarrentzat gordeko ziren. Ordutegi horretatik kanpo, orain arteko ordutegia mantenduko litzateke”.
Lur azpiko aparkalekuak eskolen azpian gauzatzeko proposamenak kentzeko eskatu du Elkarrekineko bozeramaile Thania Pazosek. “Kontraesankorra da HMJPk eskola inguruak seguruagoak bilakatzea baitu helburu. Horrelako planek ibilgailuen zirkulazioa areagotzea proposatzen dute”.
Isuri Gutxiko Eremuei buruz diote egoiliar txartelen arabera ezartzea, “eta ez planean proposatu den moduan egitea”. Alderdi morearen arabera, “horrela eragotzi egingo diegu herritarrei IGEk ibilgailu parkea aldatzera bultzatzea”. Alegazio horretan jaso dute ere jarduera ekonomikoetarako ibilgailuentzako txartel bat sortzea, TAO egoiliar txartelaren antzeko funtzionamendua edukiko lukeena.
Azaldutako azken bi alegazioek, garraio publikoarekin eta oinezkoen lehentasunezko eremuekin dutela zerikusia azaldu dute. Batetik, Irunbusen maiztasunak eta ordutegiak handitzea nahi dute, egungo flota ahal bezain beste aprobetxatzean oinarrituta.
Bestetik, Gipuzkoa hiribidearen eta Aldapeta kalearen artean dagoen Kolon pasealekua oinezkoentzako lehentasunezko eremu bihurtzea eskatu dute, zehazki, aldi bereko eremu bihurtzea, garraio publikoa gehienez ere 20 km orduko abiaduran pasa ahal izateko. “Oinezkoentzako lehentasunezko eremu honekin, herritarrentzako gune nagusi bat irazten dugu, eta ez da igandeetara mugatzen egunean ordu batzuetan. Eredu iraunkor baten aldeko apustua egin nahi badugu, erabaki ausartak hartu behar ditugu”, bukatu du Pazosek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario