Irun eta Hondarribiko "proiektu estrategikoekiko" konpromisoa berretsi du EAJk
Txingudi badia lotuko duen bide berria, Plaiaundiko kirol instalakuntzen lekualdaketa edota Zubietako Campusa izan dituzte hizpide.
Joan den astean Bidasoan izan ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begirako zerrendetako EAJko bi kide, Markel Olano eta Arantzazu Rojo. Eskualdeko proiektu estrategikoekiko konpromisoa berretsi nahi izan zuten eta proiektu horien berri izan.
Hala, hizpide izan dute Irun, Hondarribia eta Hendaia batuko dituen bidegorria eta oinezkoentzako bidea, eta oroitu dute iaz lizitatu zuela proiektu hori Eusko Jaurlaritzak 3,7 milioi euroan. Bidegorria egikaritzeko egutegiari begira jarri, eta “datozen hilabeteetan errealitate” bilakatuko dela aurreratu dute.
Jeltzaleen ustetan ibilbide honek “eskualdeko mugikortasun eta ingurumenean” garrantzia izango du eta hori goraipatu dute. Hauteskundeen aurre kanpaina bete-betean diote EAJ erakunde desberdinetan dagoenean “egitasmoak errealitate” bilakatzen direla.
Plaiaundi inguruan egindako bisitan, Txenperenearen lekualdatzea asmo dituzten kirol instalakuntzez ere aritu ziren, bertan egun dauden kirol taldeen ordezkariekin. Gogoratu dute Txenperenea izatea etorkizuneko kokalekua EAJren proposamena izan zela, eta berretsi egin dute kirol instalazioen lekualdaketa gauzatzeko konpromisoa.
Bestalde, Hondarribiko Zubieta lursailean eraiki nahi duten Campusarekiko konpromisoa berretsi dute ere. “Dibertsifikazio ekonomikoan eta eskualdeak Euskadiko mapa teknologikoan duen posizionamenduan aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario