jueves, 25 de abril de 2024

Euskara haurrei sustatzeko maiatzeko egitaraua, kalean

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el miércoles día 24 de Abril de 2024.

Euskara haurrei sustatzeko maiatzeko egitaraua, kalean

Familia Ola, Udagiro, Haurrak Parkean eta Laburbiraren programazioaren berri eman dute.

Euskara arloak martxan dituen programen berri emateko agerraldia egin du gaur Nuria Alzagak: Familia Ola, Haurrak Parkean eta Udagiro. Euskara sustatzeko “ahaleginak” egiten jarraitzen dutela baietsi du ordezkariak, eta, bide horretan, ez dela kasualitatea izan euskararen erabileraren datuak hobetu izana gaineratu du. “Hezkuntzarekin erlazionatutako egitasmo hauen eraginak horrelako fruituak ematen ditu”. Hiru egitasmoek euskara sustatzea dute helburu, baina zehazki familien artean.

Erabilera sustatzeaz gain, eskolatik irteten diren haurrak haien egunerokoan euskaraz jarraitzea nahi dute. Horretarako, Familia Ola 2 eta 8 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako programa sortu zuten, eta maiatzera bitarte luzatzen da. Aisialdirako jarduerak proposatzen dituzte, bai euskaraz dakitenei bai eta euskara menperatzen ez dutenei. Azken hauei euskarari eusteko ahalegina egitea eskatuko diote.

Gaur maiatzeko programazioaren berri eman dute, eta bi tailer eta irteera bat antolatu dituztela azaldu du Maria Viñas arduradunak. Bide horretan, maiatzaren 21ean eta 23an Eskulan tailerra egingo dute. Haur bakoitzak bere jolas tradizionala sortuko du material desberdinak erabiliz. Hitzordua 17:30etik 19:00era izango da.

Maiatzaren 28an eta 30ean, berriz, bigarren tailerraren txanda izango da: jolas erraldoiak. Irungo kaleetatik argazki lehiaketa bat egingo da, rally formatuan. Hitzordua 17:30etik 19:00etara egingo da. 

Irteera maiatzaren 25ean egingo dela aurreratu dute, nahiz eta data eta lekua zehazteke dauden. Baieztatu ahal izan duten bakarra izan da goizez izango dela txangoa. Familia Olaren egitasmoetan parte hartzeko udalaren orrialdean eman behar da izena hilaren 29tik maiatzaren 6ra.

Haurrak parkean egitasmoa auzoetako jolasguneetara gerturatzen da eta 3 eta 9 urte arteko haurrekin egiten dute lan. Bi taldetan bereizten dira, 3 eta 5 urtekoenak eta 6 eta 9 urtekoena. Programaren asmoa, euskaraz jolasteko baliabideak eskaintzea eta familian euskararen transmisioa bermatzea dira. Horretarako, bi hezitzaile gerturatzen dira parkeetara. Hona hemen maiatzeko esku hartzeak:

  • Maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an (asteazkenetan):
    • Nagore Laffage Casasola parkea (Palmera Montero).
    • Partxis parkea (Olaketa).
  • Maiatzaren 3an, 10ean, 24an eta 31n (ostiraletan).
    • Arbiun plazatxoa (Katea).
    • Almudena Grandes plazatxoa (San Juan plaza).

Udagiro programarekin, berriz, beste herrialdeetatik edo erkidego batzuetatik iritsi berri diren haurrei– LH 5 eta 6 eta DBHko kurtso guztiak– eta gazteei euskarazko edukiak transmititzeko eta euskararekiko duten lotura ez eteten ahalegintzen dira. Hori dela eta, euskarazko errefortzu klase dinamikoak eskaintzen dituzte Herri Jakintza euskaltegian.

Sei talde sortzen dituzte eta mailaketa euskaltegiak egiten du (baxua, ertaina eta altua). Uztailean eta abuztuan izaten dira klaseak– uztilaren 3tik 24ra eta abuztuaren 5etik 27ra–, 15 egunekoak, egunean 2 ordu, eta hiru txanda hilabeteko bermatzen saiatzen dira. Klaseak doakoak dira eta izen ematea maiatzaren 7tik 17ra egongo da zabalik.

Laburbira

Era berean, Alzaga ordezkariak Laburbira jardueraren inguruan mintzatu da. Izan ere, euskarazko film laburren zirkuituak datorren ostiralean (maiatzak 3) egingo du geldialdia Irunen. Orotara, 8 film labur ikusteko aukera izango da, 19.30etatik aurrera Amaia KZko Hitzaldi Aretoan. Sarrera doan izango da, aretoko eserleku guztiak bete arte.

Euskara Arloak azaldu duenez, ohi bezala, Laburbirako film laburrak kalitatezkoak izango dira, eta ekimenera bertaratzeko gonbita egin die irundarrei. Horrez gain, halako egitasmoek duten garrantziari ere egin die azpimarra Euskara Arloak, euskal zinemagile gazteek haien lanak erakusteko aukera izan dezaten. Hona hemen programazioa:

  • Erro (Zuz: Amaia Lejarreta)
  • Dena asmatuta dago (Zuz: Jone Arriola)
  • Katalinaren zoria (Zuz: Guillermo Ordas)
  • Babesa (Zuz: Ander Iruretagoyena)
  • Mundu berri bat (Zuz: Mikel Alvarez)
  • Zirrara (Zuz: Ane Cuesta)
  • Talkak (Zuz: Ilune Diaz eta Jordi Nuet)
  • Betizu buru (Zuz: Kim Maiteny Munoa)


No hay comentarios: