Asteburuan, trenik ez Bidasoan eta Oarsoaldean
Larunbat goizaldetik astelehen goizera arte etenaldi osoa izango dute aldiriko Renferen zerbitzuek Hernani eta Irun artean, burdinbidean egin beharreko lanengatik.
Adifek jakinarazi du hilaren 27ko 00:00etatik, hilaren 29ko 04:50ak arte ez dela tren zerbitzurik izango Bidasoan eta Oarsoaldean, ez aldirikoena ez eta bestelakoena. Hau da, larunbat goizaldetik astelehen goizera ezin izango da trena erabili. Adifek jakinarazi du errepide bidezko alternatiba eskainiko diela erabiltzaileei, autobus bidezkoa. Lanak egin behar dituztelako, Hernani eta Irun arteko tartea da erabilezin izango dena.
Izan ere, Irungo Elizatxoko pasabidea, nahiz Donostiako Loiolako tunela zabaltzeko erabiliko dute asteburua beharginek. Lan horiek AHTaren proiektuaren barrukoak dira, hirugarren burdinbidea ezartzekoak zehazki.
Lan horiek, baina, asteburu honetatik gaindi iraungo dute. Etenaldi osoa asteburu honetan izango bada ere, etenaldi partzialak ere iragarri dituzte. Hala, Hernani-Donostia eta Lezo/Errenteria-Irun zatietan burdinbide bakarra izango da erabilgarri denbora tarte batez lan horiengatik (Adifek ez du zehaztu epe hori). Hori horrela, aldiriko trenen ordutegi eta maiztasunean aldaketak izango dira astelehenetik aurrera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario