viernes, 5 de julio de 2024

Nagore Laffage Casasola omenduko dute hilaren 8an Irunen

Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el viernes día 5 de Julio de 2024.

Nagore Laffage Casasola omenduko dute hilaren 8an Irunen

Irungo Emakumeen Etxean izango da omenaldia, 19:00etatik 20:00etara. Laffage oroitu eta Asun Casasolari adorea emango diote.

Iaz, Nagore Laffage Casasola oroitu zuten bere izena daraman parkean.

Aurten, 16 urte beteko dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage Casasola irundarra hil zuenetik Iruñeko San Fermin jaietan. Azken hamasei urte hauetan hamaika izan dira Laffageren hilketa salatzeko eta justizia eskatzeko ekimenak, nagusiena, urtero Iruñean Astelehen Lilak deituta egiten dena. Aurtengo elkarretaratzea iragan astelehenean egin zen.

Iazko Asun Casasola ipuin lehiaketaren sari banaketan, Casasola berak adierazi zuen “izena duena badela”. Haren alaba ez ahazteari eta hari gertatu zaiona ez ahazteari buruz ari zen. Bide horretan, aurten Espainiako Auzitegi Nazionalak ukatu egin dio Yllanesi bere aztarna digitala ezabatzea. 

Datorren astelehenean, hilak 8, Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxeak deituta omenaldia egingo diote Nagore Laffageri, Irungo Emakumeen Etxean bertan (Istillaga plaza). Ekitaldia 19:00etan hasiko da eta 20:00etan bukatu. Antolatzaileek argi utzi nahi dute 16 urte geroago haren oroitzapenak “guztion oroimenean eta bihotzean” grabatuta segitzen duela. 

Emakumeen aurkako indarkeriek “konpondu ezinezko zauriak” uzten dituztela salatuko dute omenaldian. Era berean, Asun Casasola indarkeria matxisten prebentzioan laguntzeko egiten ari den lana aitortuko dute, baita hari adore eman ere. 

Ekitaldia

Omenaldiaren hasiera, Emakumearen Etxearen kanpoaldean izango da, eta Ahalduntze Eskolako Kantu Tailerreko Emakumeen Abesbatzako lagunek abestuko dute. Zehazki, Cancion Sin Miedo kantatuko dute, Vivir Quintana artistarena. Abestia mundu mailako ereserki bilakatu da feminizioaren aurkako borroka feministan. 

Jarraian, Emakumeen Etxera sartuko dira, eta bertan, Casasola omentzeko dantza bat egingo du Marina Eskizabel dantzariak. Azkenik, Emakumeen Etxeko bi ordezkarik harrera hitzak eskainiko dizkiote Casasolari.  

No hay comentarios: