Sanmartzialetan 871 tona hondakin bildu ditu Txinzerrek
Iaz baino %1,84 zakar gehiago jaso dute. Hondakinen bereizketa egokia egin da txosnetan eta Ficoban, baina hobetzeke dago zakarrontzi selektiboen erabilera.
Irungo jaiak iraganda, Txinzerrek ere balantzea egin du. Zehazki, sanmartzialetarako jarritako dispositibo berezia baloratu dute eta balantzea “positiboa” izan da. Zerbitzu guztiak “aparteko ezustekorik gabe” egin direla azaldu dute.
Dispositibo berezia ekainaren 21etik uztailaren 2ra bitartean egon da aktibatuta, eta guztira 871 tona hondakin bildu dituzte, joan den urtean baino %1,84 gehiago. Zakar horietatik, 89 tona materia organikoa izan dira, 91 tona papera, 63 tona ontziak, eta 628 tona errefusa.
Igoera nabarmenena errefusarena izan da, %2,7 igo baita 2023ko jaiekin alderatuta. Oraindik “bide luzea” geratzen dela bereizketa behar bezala egiteko azaldu du Leire Zubitur Txinzerreko gerenteak. Birziklatu ezin daitekeen hondakina da errefusa eta ahalik eta gutxiek sortzea “erronka” dela dio Zubiturrek. Izan ere, errefusaren tratamendua “oso garestia” da.
Garbiketarako 324.000 litro ur eta 270 litro xaboi desinfektatzaile erabili dituzte. Horrez gainera, baliabide tekniko eta giza baliabideak areagotu egin ditu mankomunitateak eta jende gehien ibili diren inguruetan lehentasuna eman diote garbiketari. Hala, eguneroko garbiketarekin hasi aurretik, bederatzi langilek baheketa selektiboa egin dute, eta egunero 150 kg ontzi eta 300 kg beira bildu dituzte eskuz.
Hirian zehar hamar zakarrontzi selektibo jarri dituzte eta horien erabilera “desegokia” izan dela deitoratu du Txinzerrek. Zubiturren arabera, ez da garbiagoa gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik. “Guztien lankideta ezinbestekoa da Irun garbi mantentzeko”, erantsi du gerenteak.
Edalontzi berrerabilgarriak ere hizpide izan dituzte balantzea. Aurten, 14.856 edalontzi berreralbilgarri banatu dituzte eta horietatik 8.400 berreskuratu dituzte. Iaz baino gehiago izan da bueltatu direnak eta Zubiturren esanetan, herritarrek hondakin plastikoak berrerabiltzeko eta murrizteko duten konpromisoaren isla izan da aurrerapauso hau.
Azkeni, Txinzerrek eskerrak eman dizkie langile guztiei egindako dedikazio eta ahaleginagatik. Langileen konpromisoari esker hiria “baldintza bikainetan” mantentzea lortu dutela azpimarratu du Zubiturrek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario