Artalekuko hobekuntzen albistearen harira, "harridura" agertu du EAJk
Udalak aurreikusitako jarduerak ez dituela egun dauden beharrak konpontzen salatu dute jeltzaleek.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, zenbait hobekuntza egingo dituzte aurki Arteleku kiroldegian. Albiste honen harira, EAJ taldeak “harridura” agertu du, haien ustez jarduera horrek ez baititu “egun dauden beharrak konpontzen”. Horrez gain, jeltzaleek kezka adierazi dute: “ez dugu ulertzen Irungo Udal Gobernuak oraindik Kirol Instalazioen Plan Integralik ez edukitzea”, esan dute ohar bidez.
Irungo kirol instalakuntzen plan integral bat egiteko beharra nabarmentzen urteak daramatzatela esan dute taldekoek, eta askotariko proposamenak egin dituztela urteotan. “Behin eta berriz egin ditugu proposamenak, zuzenketa gisa, aurrekontuen negoziazioetan, eta 2020an Irungo Kirolaren Plan Estrategikoa egitea helburu zuen ekimen bat onartzea lortu genuela”, gogorarazi dute taldekoek. Hala ere, eta jeltzaleen “harridurarako”, udal gobernuak ez duela bere hitza bete salatu dute eta ez dela honetan lanean hasi diote. “Gure taldetik ez genuen ulertzen nola gobernuak ez zuen ikusten gure hirian kirolak bizi duen errealitateari erantzun global bat emateko beharra zegoela. Izan ere, Irunen kirola defendatu eta sustatu ahal izateko, ezinbestekoa da plan bat gauzatzea eta premien azterketan zehaztutako beharrei lehentasuna ematea”, esan dute.
Udalak kirol instalazioen gainean egin duen diagnostikoak ez dituela behar guztiak kontuan hartzen erantsi dute: “udalak egingo duen gauza bakarra Artaleku kiroldegiko gimnasioaren metro karratuak handitzea izango da, egun dauden lau squash pistetako bat kenduz”. Egindako diagnostikotik urrun daudela erantsi dute.
Azkenik, adierazi dute ezin dela “inprobisatzen jarraitu” eta ezin zaiola aferari epe laburreko erantzunak eman. “Hirian ditugun kiroldegiek modu integralean hobetzeko eta Irungo kirolaz arduratzeko garaia da. daukaguna gehiago begiratu eta zaindu behar da”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario