Azken egunak Udal Euskaltegiko ikastaroetan matrikulatzeko
Hilaren 17an itxiko da euskara ikastaroetan izena emateko epea. Interesdunek euskaltegiko bulego ordutegian egin beharko dute inskripzioa.
Udal Euskaltegiko 2024-2025 ikasturteko euskara ikastaroetako matrikulazio epea azken txanpan sartu da, hilaren 17an (asteartea) itxiko baitira izen emateak. Interesdunek euskaltegiko bulego ordutegian egin beharko dute inskripzioa, honako ordutegian: 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:00etara.
Behin izena emanda, euskara ikastaroak urriaren 1ean hasiko dira, eta 2025eko ekainaren 20an bukatuko da ikasturtea. Udal Euskaltegiak modulazio ezberdineko ikastaroak eskainiko ditu, ordutegi eskaintza zabalarekin. Ikasturterako, besteak beste, honako ikastaroak eskainiko dituzte: egunero 2, 3 edo 4 orduko ikastaroak; astean 2, 3, 4 edo 5 eguneko ikastaroak ordutegi ezberdinetan; larunbat goizetan B2 eta C1 azterketak prestatzeko ikastaroak; edota merkatari eta gurasoentzako xede bereziko ikastaroak.
Ikastaro bakoitzaren prezioa moduluaren araberakoa dela adierazi du euskaltegiak. Hala ere, asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek euskara ikasteko udalak ematen dituen bekak eskuratu ahal izango dituzte. Beka horren bitartez, matrikularen prezioaren %100a arte jaso dezakete ikasleek.
Horrez gain, Lannahi programaren bitartez, urriaren 1etik abenduaren 20ra Udal Euskaltegiak ikastaro trinkoak doan eskainiko dizkie langabezian dauden ikasleei, %50 edo gehiagoko aldi baterako enplegu erregulazioko espedientean dauden ikasleei edo lanean egonda ere, gehienez %50eko lanaldia dutenei. Lannahi proiektua euskara ikasteko ahaleginetan ari diren edo aritu daitezkeen irundarrentzako jarri zen martxan. Programa horren barruko ikastaroak goizez egunero lau ordukoak edo arratsaldez egunero hiru ordukoak izaten dira.
Lannahi egitasmoan aritzeko interesa dutenek internetez HAZeko atarian edo HAZeko autozerbitzu terminalak erabiliz egin ahal izango dute izen ematea. Inskripzio hori osatzeko, Irun Txartela edo NAN elektronikoa eta Izenpe txartela bezalako ziurtagiri elektronikoak erabili beharko dituzte ikasleek.
Mailaketa probak
Lannahi programan zein gainontzeko ikastaroetan sartzeko, ikasleek mailaketa proba bat egin beharko dute Udal Euskaltegian hilaren 17a baino lehen. Bulego ordutegian egin beharko dira proba horiek: 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:00etara.
No hay comentarios:
Publicar un comentario