Hamargarrenez erabakiko dira aurrekontu parte hartzaileak
Herritarrek udal aurrekontuaren barruko 1,5 milioi euroren erabilera erabakiko dute. Prozesu parte hartzailea hilaren 11n irekiko da.
Irungo Udalak prest du beste urte batez partaidetza bidezko aurrekontuak bozkatzeko prozesua. Aurtengoa iniziatiba horren hamargarren ekitaldia izango da, eta gaur goizean aurkeztu ditu egitasmoaren gaineko xehetasunak Sergio Javier Gobernu Irekiko eta Herritarren Arretako ordezkariak. Aurreko urteetan bezala, aurten ere herritarrek udal aurrekontuaren barruko 1,5 milioi euroren erabilera erabakiko dute.
Javierrek adierazi du Irun “hiri hobea” bilakatzeko bidean, “ezinbestekoa” dela irundar guztien iritzia eta ikuspuntuak kontuan hartzea: “Horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua urtero partaidetza bidezko aurrekontuak martxan jartzea eta sustatzea. Irundar askoren oniritzia dute, eta, gure ustez, hitza eta botoa ematen diete auzo elkarteei zein entitateei, hiria tinko hobetzen segitzeko proposamen eta ideiak aurkezteko aukera”.
Ohi bezala, prozesu orokorra eta gazteena irekiko dituzte. Orokorrean 16 urtetik gorako herritarrek har dezakete parte, eta 1,3 milioi euroren erabilera erabakiko da bertan. Gazteentzako prozesua 16 eta 30 urte bitarteko herritarrei begirakoa da, eta 200.000 euroren erabilera erabakiko dute haiek.
Herritarrek online zein aurrez aurreko saioetan egin ahalko dituzte ekarpenak. Proposamenak online aurkezteko epea hilaren 12tik 16ra bitartekoa izango da, udal webgunearen bidez. Baliozkotzen diren proposamen guztiekin aurretiko bozketa bat egingo da hilaren 30ean eta urriaren 1ean, eta boto gehien jasotzen dituzten hamahiruak azken bozketan sartuko dira. Parte hartzeko, Irun Txartela erabili beharko da, eta herritar bakoitzak bost proposamen aukeratu ahal izango ditu gehienez.
Aurrez aurreko bileran hiru proposamen aukeratuko dira azken bozketan sartzeko. Bilera hori hilaren 11n izango da, Palmera Monteroko bigarren aretoan, 19:00etan.
Prozesu orokorraren barruan beste lau proposamen sartuko dira azken bozketan: Auzo Elkarteen Federazioaren hiru eta Hiritar Foroaren bat. Orotara, hogei proposamen sartuko dituzte azken bozketan. Gazteentzako prozesuan ere beste lau proposamen sartuko dituzte: Agenda 2030 programako bi, Gazteria Zerbitzuaren bat eta IrunBixi foroaren beste bat. Lau proposamen horiekin, prozesu horretan ere hogei ekarpen sartuko dituzte.
Prozesu bakoitza hogei neurrik osatuko dute, hau da, orotara 40 ekarpen egingo dituzte herritarrek. Zerbitzu tekniko gaituek baloratuko dituzte proposamen horiek, eta proiektuen zerrenda udalaren webgunean jarriko da, herritarren 2025eko aurrekontu orokorraren barruan zer proposamen sartuko diren bozkatu dezaten.
Proposamen finalistak bozkatzeko epea urriaren 4tik 8ra bitartekoa izango da, eta udalaren webgunearen bidez bozkatu beharko da Irun Txartela erabiliz. Txartela hori ez dutenek, aurrez aurre ere eman ahal izango dute botoa Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan, zehazten diren egunetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario