Irungo Udaleko Euskara zerbituzak ‘Familia Ola’ eta ‘Haurrak Parkean’ programen hirugarren txanda antolatu du. Josu Iguiñiz, Irungo Euskara ordezkariak azaldu duenez, “ez dira programa berriak, baina arrakasta handia dutenez, horiek mantentzea erabaki dugu”. Iguiñizek nabarmendu du Irungo hainbat familiek seme-alaben hezkuntza euskaraz izatea nahi dutela, bai eguneroko bizitzan ere, baina askotan inguruneak ez dituela aukerak errazten.

“Irunen, familia askok eskola orduetatik kanpo ere euskaraz aritu nahi dute, baina ez dute erraza. Jarduera asko gaztelaniaz eskaintzen dira eta horrek gabezia bat sortzen du. Ondorioz, hiritar askok eskatu digute hirian euskararen presentzia handitzeko edo euskara sustatzeko programak indartzeko”, adierazi du ordezkariak. Horregatik, programen helburua hutsune horiek betetzea eta euskarazko harreman naturalak sortzea da, aisialdia eta jolasaren bidez.

Haurrak parkean

Programen arduraduna den Hezten elkarteko María Viñasen hitzetan, ‘Haurrak Parkean’ programak haurren hizkuntza ohituretan eragitea du helburu eta hori lortzeko jolasa da oinarrizko bidea. Horretarako, parkeetan euskaraz diren saioak antolatzen dira, eta ekimenak bi adin-tarte bereizten ditu: Zabu-Zibu taldea, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, eta Txirrintxon taldea, 6 eta 9 urte bitartekoentzat.

Saioak maiatzeko asteazken eta ostiraletan egingo dira, asteazkenetan Oñaurreko eta Nagore Laffage parkeetan eta ostiraletan Olaketa parkean eta San Juan plazan. Zabu-Zibu taldeak 17.00etan izango du saioa, eta Txirrintxon taldeak, berriz, 18.00etan.

Saio hauetan gurasoek zein zaintzaileek ere parte hartzen dute, eta, helburua familia euskaraz aritzeko gune eta momentuak eskaintzea denez, saioak euskaraz izaten dira osoroik. Hori dela eta, antolatzaileek familiek hori ziurtatzeko ahalegina egitea eskatzen dute.

Bi tailer eta irteera bat

Bestalde, ‘Familia Ola’ programak euskara ikasten ari diren, euskaraz aritzeko zailtasunak dituzten edota hizkuntza honetan bizi diren familiak elkartzea bilatzen du. Euskararekiko konpromisoa partekatzen duten familien arteko sarea ehuntzea eta euskarazko bizipenak partekatzea dira programaren ardatzak. Horretarako, maiatzean bi tailer eta irteera bat antolatu dira.

Hain zuzen, hilaren 13an eta 15ean papiroflexia tailerra eskainiko da, 17.30etatik 19.00etara Eguzkitza ikastolan; eta hilaren 20an eta 22an zirku tailerra, ordu eta leku berdinean.Bukatzeko, maiatzaren 17an, larunbata, irteera bat egingo da Tolosako Balerdipeko Erleak zentrora.

Ekimen hauetan parte hartzeko izena emateko epea ostiralera arte, hau da, maiatzak 9ra arte egongo da zabalik, udal webgunean.