Artiako ubidea birnaturalizatuko dute ingurua jasangarriagoa izateko
Obra hauen helburuak uholdeen babesa bermatzea, ingurumena hobetzea, paisaia integratzea eta oinezkoen pasealekua eta bidegorria luzatzea dira.
Artiako ubidearen amaierako zatia birnaturalizatzeko gutxi falta da. Errekaren inguruak birnaturalizatzeko obrak 2024ko abenduan hasi zituzten, eta hilabete gutxiren buruan proiektu osoa bukatuko dute. Birnaturalizatzearen bitartez, uholdeetan babesa bermatu, ingurumena hobetu, paisaia integratu eta oinezkoen pasealekua eta bidegorria luzatuko dira. Inguru naturalizatua eta jasangarria izango du Irunek etorkizunean, eta eremu osoaren suspertze ekologikoa sustatuko dute. Guztira 3,7 milioitik gorako aurrekontua izan du proiektu honek, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak finantzatuko du.
Bide batez, Sara Aagesen, Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordea eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa, Irunen izan da gaur goizean Artiako ubidearen lanak bisitatzen. Berarekin batera, Cristina Laborda alkatea, Marisol Garmendia, Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria, eta Noemi Lopez, Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordea, izan dira.
Proiektu honek eremu zabala birnaturalizatuko du. 13.000 metro koadrotik gorakoa da, eta mugakide ditu Natura 2000 sareko bi eremu: Txingudi-Bidasoa kontserbazio bereziko eremua eta laster egingo duten Txingudiko hegaztientzako babes bereziko eremua. Errekaren gaitasun hidraulikoa eta ingurumen-integrazioa hobetuko dituzte. Horretarako, oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbidea egingo dute, euste-hormek egurrezko egitura eta ingurua landare biziak izango dute.
Honen bidez, irisgarritasuna hobetzeko jarraitutasuna emango zaio oinezkoen pasealekuari eta bidegorriari, Donostialdeko eta Bidasoa Behereko lurralde-plan partzialean jasotakoaren arabera. Bide berria eraikitzeko oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbide bat osatu dute, eta Osinbiribil parkekoarekin lotuta egongo da.


No hay comentarios:
Publicar un comentario