Irungo hiru eremurentzako izenak proposatu dituzte
Jaime Rodriguez Salis, Josefina Urtizberea eta Euskal Deportatuen plaza dira proposamenak.
Gaur goizean, Irungo kaleei izena jartzen dien batzordea bildu da, hiriko hainbat eremuri izen berria jartzeko xedearekin. Hiru espazio eta hiru izen proposatu dira, bakoitzak duen zentzuarekin.
Oiasso Museoaren alboan dagoen plazatxoari Jaime Rodriguez Salis izena proposatu zaio. Rodriguez Arkeolanen sortzailea eta Oiasso Museoaren sustatzailea izan zen, eta era berean, duela 2.000 urte baino gehiago datatutako aztarnategi arkeologikoaren aurkitzailea. Bere ibilbidearengatik, zentzuzkoa da Oiasso Museoaren inguruko eremuaren harira bere izena ateratzea mahai gainean. Gainera, 2012an hiriko Urrezko Domina jaso zuen,
Bigarren espazioa Fermin Calbeton eta Beraketa kaleen artean dagoen parkea da. Horren harira, batzordeak Josefina Urtizberea izenaren proposamena jaso dute, Luis Uranzu Kultur Taldeak eskatuta. “Irungo emakume hau aitzindaria izan zen ekintzailetzaren munduan, eta ‘Viuda de A. Fernández e Hijo’ agentzia nazioarteko erreferentzia bihurtu zuen Europatik eta AEBtik datozen autoen inportazioen kudeaketari dagokionez”, azaldu du Irungo Udalak.
Azkenik, deportazioaren memoriarako espazio bat sortzeko eskaera onartu da, Euskal Deportatuen Plaza (1940-1945)’izenpean. “Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutuaren (GOGORA) proposamena da, hiriko memoria-elkarteen ekimenez, nazien esparruetatik askatu zirenetik 80 urte bete direla eta 250 euskaldun baino gehiago igaro zirela kontuan hartuta. GOGORAk Irun aukeratu du erreferentzia-lekua delako eremu horietara joan behar izan zuten pertsona guztientzat”.


No hay comentarios:
Publicar un comentario