15 urtez jiran eta biran Irungo kaleetan
Ondare Kultur Elkarteak 15 urte bete ditu, eta sanmartzialen bezperetan Ainara Peña idazkariak erraldoi eta buruhandien konpartsaren errepasoa egin du.
Sanmartzialak ospatzeko hamaika modu daude. Ondare Kultur Elkarteko kideek erraldoien barruan ospatzen dituzte festak. Dantzan eta familia giroan pasa dituzte azken 15 urteak, eta hala izaten jarraitzea nahi dute. Aurtengoak hasteko egun gutxi batzuk falta dira, eta Ainara Peña Ondare Kultur Elkarteko idazkariak urduritasuna baino, festetarako gogoa du, «dena ondo ateratzea nahi dugu». Hilaren 28an, 18:00etan, Alberto Anguera plazatik hasita, kalejira egingo dute Atsegiñako eta Bidasoako erraldoiekin batera. Urteroko kalejiraz gain, aurtengo sanmartzialetarako berritasuna erraldoiak ezagutzeko tailerra izango da.
Aste honetan, IrekiART espazioan «erraldoien eskulanak» egiteko eta dantzatzeko tailerrak antolatu dituzte, gaur da azken eguna. «Aste honetako tailerren bitartez, gure eskaintza modu irekian zabaldu dugu eta harrobia sortzeko baliagarria zaigu», azaldu du Peñak. Erraldoiak familian bizitzeko jarduera direla dio. «Haurrak engantxatu nahi ditugu, gurekin dantza egin eta erraldoien mundua barrutik ezagutu dezaten», nabarmendu du.
Historia ikasteko bidea
Ondarek urteak adina erraldoi ditu: hamabost. Gainera, lau buruhandi ere baditu. Erraldoi guztiek badute hiriarekin harreman estua, eta lehenengo erraldoiak jenerala eta kantinera izan ziren. Urteekin, familia handitu dute: Luis Mariano, Lastargiduna, Hatxeroa, Ama Bitxia eta Amona baserritarra, besteak beste, gehitu dituzte. Peñarentzat lehenengo bi erraldoiak bereziak dira, baina hala ere, badu bereziagoa den bat: Hatxeroa. «Nire aitaren omenezkoa da, horregatik niretzat oso berezia da», azaldu du, hunkituta, erraldoiaren ondoan. «Erraldoiek hiriko historia ezagutzeko aukera ematen dute, bakoitzak berea baitu. Sanmartzialetan jaiekin harremana duten erraldoiak aterako ditugu».


No hay comentarios:
Publicar un comentario