Bidasoko osasungintzaren aferan erantzukizunak eskatu ditu EH Bildu
Agerraldia egin du koalizio subiranistak Bidasoako Ospitalearen aurrean, bertako "gainbehera" salatuz.
Bidasoko osasungintzak duen egoeraren aurrean hiru mila pertsona inguru mobilizatu ziren Irunen larunbatean. Aldarrikapenez beteriko eguna izan zen, eta eskualdeko familiek eta osasun zentroetako langileek haien iritzia zabaldu zuten: “Egoera oso larrian dago Bidasoko ESIa”. Gaur, EH Bilduk agerraldia egin du Bidasoako Ospitalearen aurrean, egoera salatzeko asmoarekin.
Ladis Satrustegi Lesakako alkateak argi adierazi du ez dela oraingo arazoa Bidasoko ESIak jasaten duena, jada urte daramatzala egoerak horrela. “Gaur esan dezakegu argi eta garbi: Bidasoa ESIa desegite prozesu batean dagoela dirudi. Noiz eta indartzeko behar gorria dagoenean”, esan du Satrustegik.
96.000 herritar inguruk osatzen dute Bidasoako ESIaren lan eremua, eta gainera, muga zonaldea izanik, etengabeko hobekuntza eskatzen du. Baina Oihana Briones Irungo EH Bilduko bozeramailearen ustez, kontrakoa gertatzen ari da. “Pediatriako larrialdiak galdu dira, lehen mailako arretan gabeziak daude, larrialdi zerbitzuak profesional faltarekin ari dira lanean, osasun mentaleko baliabideak ez dira iristen eta hainbat espezialitatetan itxaron-zerrendak onartezinak dira”.
Bidasoako ESIko zuzendaritzari bilera bat eskatu dio EH Bilduk. “Premiazkoa dugu profesionalekin batera etorkizuneko antolakuntza planifikatzea eta osasun zerbitzuen galera geldiaraztea”, esan du Brionesek. Hori ez ezik, Satrustegik iragarri du Osasun Sailari eta Osakidetzako zuzendaritzari erantzukizuna haien gain hartu dezatela eskatzen dietela, “eta behingoz Bidasoa ESIaren gainbehera iraultzeko neurri ausartak har ditzatela”.
“Gizarte modernoaren alde”
Maddalen Iriartek hartu du hitza azkenik, eta adierazi du EH Bilduren ustez gizarte moderno eta aurreratu baten funtsezko zutabea dela osasun sistema publikoa. Horregatik, osasungintza publikoak jasaten duen gainbeheraren adibide da Bidasoko ESIa, Iriarteren ustez, bertan izaten ari diren murrizketen ondorioz. “Itxarote-zerrendak, murriztu beharrean, handitu egiten dira. Orain sinetsarazi nahi digute errua Espainiako Gobernuarena eta haren Osasun ministroarena dela; baina Osakidetzaren kasuan, erantzukizunak hemen daude, eskumenak eta tresnak dituelako irtenbideak bilatzeko. Baina errazagoa da, beti, besteen erantzukizunak bilatzea, norberarenak bere gain hartu gabe”, azaldu du Iriartek.


No hay comentarios:
Publicar un comentario