martes, 21 de julio de 2026

EAJk Txenperenearen proiektua desblokeatzeko eskatu dio alkateari

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el martes día 21 de Julio de 2026.

EAJk Txenperenearen proiektua desblokeatzeko eskatu dio alkateari

Plaiaundiko kirol-instalazioak Txenpereneara lekualdatzeko proiektua urteak geldirik daramatzala salatu dute jeltzaleek.

Apirilaz geroztik, Plaiaundiko kirol-instalazioak Txenpereneara lekualdatzeko proiektuaren idazketa lizitatzeko plegu teknikoak prest ditu EAJk, hain zuzen, Obra, Mantentze eta Azpiegitura arloak. “Proiektua hortxe gelditu da”, adierazi dute. Aurreko ostiralean, ordea, Cristina Labordak lekualdatzearen gaineko adierazpenak egin zituen, eta finantzaketan dagoen aurrerapausorik ez ematearen erantzukizuna EAJri salatu zien. “Alkateak berak blokeatuta dauka duela hilabete batzuetatik hona kirol-esparruko behin betiko eraikuntza-proiektua idazteko lizitazioa, eta dokumentu hori ezinbestekoa da aurrera egiten jarraitzeko”, salatu dute jeltzaleek.

Lekualdatzeko lanek 33 urteko atzerapena duela azaldu du EAJk: “2018an guk proposatu genuen eremu hori lekualdaketa hori posible egiteko, hiriko kirol-kluben beharrei erantzuteko eta Plaiaundiko ingurumena berreskuratzeko bidean aurrera egiteko helburu bikoitzarekin”. Azken urteotan, urrats garrantzitsuak izan dira klubekin batera kirol-instalazioaren eredu bat adosteko, “EAJk behin eta berriz egindako ahaleginari esker”. 

“Eraikuntza-proiektua da erakundeen arteko edozein akordioren oinarri izan behar duen funtsezko elementua eta dokumentu hori da, hain zuzen ere, proiektuaren benetako irismena zehaztu eta definitu behar duena. Hori gabe, besterik gabe, ez dago inolako finantzaketarik negoziatzeko edo konprometitzeko proiekturik, eta hori da alkateak geldirik duena beste erakunde batzuei erantzukizunak eskatzen dizkien bitartean”.

EAJk lanean jarraituko du Txenperenea proiektua aurrera atera dadin, beti ere, erantzukizun instituzionaletik, “beharrezko adostaunak bilatuz eta administrazio guztien inplikazioa eskatuz”. Era berean, alkateari eskatu diote berehala utz diezaiola proiektu hau posible egiteko behar diren urratsak nahita blokeatzeari, jeltzaleen hitzetan proiekturik gabe ez baitago finantziaziorik. “Ez dugu onartuko kirol-instalazioekin propaganda politikoa egitea. Zorroztasunez, gardentasunez. erantzukizunez eta, batez ere, leialtasun instituzionalez lan egin behar du”. 

No hay comentarios: