miércoles, 12 de agosto de 2026

arte hartze handia udalak antolatutako lehen Euskal Jiran

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el miércoles día 12 de Agosto de 2026.

Parte hartze handia udalak antolatutako lehen Euskal Jiran

Aurtengoa 46. edizioa izan da, eta berritasun nagusia antolaketan izandako aldaketa izan da. Udalak balorazio positiboa egin du asteburuan bizitakoaz.

Festaz betetako asteburua izan da Irunen. Ostiraletik igandera, Irungo Euskal Jira antolatu du udalak. 46. edizioak aldaketa garrantzitsu bat izan du. Orain arte Euskal Jira elkarteak antolatzeko ardura zuen; orain, ordea, udalak antolatuko ditu datozenak. Gaur, udalak antolatutako lehenengo Euskal Jiraren balorazioa egin du: balorazio postiboa. Kaleak jendez bete dira eta kaleko giroa sekulakoa izan dela adierazi du.

“Ardura oso garrantzitsu bat genuen: Irunek aurten ere bere Euskal Jiraz gozatu ahal izatea. Lehenengo balorazio hau oso positiboa da, batez ere, herritarren erantzunagatik; zerk funtzionatu duen eta zer hobetu behar dugun entzuteko, eta hemendik aurrera Euskal Jiraren etorkizuna eraikitzen jarraitzeko formulak eta ereduak elkarrekin aztertzen hasteko”, azaldu du Cristina Laborda alkateak. 

Datozen urteetarako aldaketa gutxi egongo direla azaldu du. “Kontua ez da gaur erabakitzea nolakoak izan behar duten datozen urteetako Euskal Jirak, baizik eta elkarrekin egitea, bere historia eta esentzia errespetatuz eta edizio honetan ikasitakoa baliatuz”. 

Kaleetan jende ugari bildu da hiru egunotan, baina zalantzarik gabe, jende gehien bildu duen ekitaldia konpartsen desfilea izan da. Aurten, bederatzi gurdik parte hartu dute, eta guztira 900 pertsona inguru. Programazioak epizentro nagusia izan du Urdanibia plazan eta bertan antolatutako ekitaldiek harrera ona izan dute. Udalak aipatu du edizio honetarako sortutako lantaldea berriro bilduko dela balorazio partekatua egiteko eta datozen urteetarako formulak eta ereduak aztertzen hasteko. 

No hay comentarios: