Irungo Udalak itzulera operazioko dispositbo berezia martxan jartzea eskatu du
Atzo arratsaldean, hiria guztiz kolapsatu zen trafiko ugariagatik; hori saihesteko, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hiriarteko sarea indartzea.
Atzo kaosa izan zen nagusi Irungo kaleetan. Ibilgailuen pilaketa luzeak izan ziren Biriatun, eta horrek eragin zuzena izan zuen hirian. Ibilgailuen joan etorriek eragin zuzena eduki zuten irundarren mugikortasunean, eta askok orduak eman zituzten 15 minututan egiten duten ibilbidea egiteko. Atzokoa saihesteko udalak Eusko Jaurlaritzari itzulera operazio dispositibo berezia martxan jartzeko eskatu dio. “Milaka irundarrek atzo mugitzeko zailtasunak izan zituzten”, deitoratu du Cristina Laborda alkateak.
Hiritarren artean, kezka nagusi izan zen. “Ulertzen dut haserrea eta sentitzen dut egoera horrek eragin zitzakeen eragozpenak. Hasieratik aritu ginen lanean mugikortasuna berreskuratzeko eta hiria lehenbailehen normaltasunera itzultzeko, adierazi du. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari eskaera zuzena egin dio: “Itzulera operazioa aurreratzea eta irungo sarbideetan jarduteko sarea indartzea”. Hori gutxi ez, abuztuan Irun operazio iraunkor batean bizi dela, eta ezin duela hala izaten jarraitu, gehitu du.
Trafikoa arintzeko neurrien artean ordainlekuetako hesiak altxatzea proposatu du udalak. Hesiak altxatzeak trafikoa arintzea ekarriko luke, bide nagusien kolapsoa beste bideetara, eta hiriaren erdigunera, ez hedatzeko. “Irunek sortzen ez duen nazioarteko trafikoaz ari gara, eta horren ondorioek eragin zuzena dute hirian”.
Agenteen eskuhartzea
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eskura zituzten baliabideak erabii zituzten trafikoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko. Hainbat kaleetako trafikoa aldatu zuten eta arratsaldean zehar hainbat desbideraketa antolatu zituzten trafiko bolumena arintzeko. Laborda: “Bide nagusiak kolapsatuta daudenean, ibilgailuetako batzuek ibilbide alternatiboak bilatzen dituzte Irunera iritsi aurretik, eta landa-bideetatik eta bigarren mailako errepideetatik sartzen dira, eta horrelako egoerak ezin ditu Udaltzaingoak kontrolatu. “Irun bere gain hartzen ari da sortzen ez duen trafikoaren ondorioak”.
Frantziako gobernuko erabakiek hirian eragin zuzena dutela argi du alkateak. “Guk ahal dugun guztia egiten dugu hiritik, baina Irundik kanpo ere erantzunak behar dituen egiturazko arazo baten aurrean gaude”. Atzokoa ez zela kasu isolatua izan aipatu du, eta trafikoa bideratzeko alternatibak behar dituela adierazi du. “Ezin dugu trafiko-gertakari bakoitza modu isolatuan begiratu. Muga gara, bide-presio handia jasaten dugu eta errealitate horretarako prestatutako azpiegiturak behar ditugu”.
Asteburu honetan, atzokoa berriro ere ez errepikatzeko Udaltzaingoak dispositibo berezia antoatuko du igandera bitarte. Horretarako, herritarrei gomendatu diete hiri barnetik mugitzeko Biriatuko noranzkoan dagoen bariantea eta AP-8 ez erabiltzea, egun hauetan trafiko bolumen handia aurreikusten baita. Posible bada, garraio publikoa erabiltzeko deia egin die hiritarrei. “Irunek berea egingo du, atzo bezala. Baina hiria babestea ibilgailuak sartu aurretik hasten da”, bukatu du.


No hay comentarios:
Publicar un comentario