90 urteren ostean, egia osoa jakin gabe
Irungo bonbardaketen 90. urteurrenean, biktimak aitortzeko eta egia kontatzeko txostena aurkeztu dute Antxeta Irratiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, '1936-2026 Irun'.
Tropa faxistek Irun bonbardatu zutenetik 90 urte pasa dira. 1936ko abuztuaren 9an hirira sartu baziren ere, hilabete pasatxo egon ziren hiria goitik behera lurrez, itsasoz eta airez bonbardatzen. Irailaren 5ean hiria okupatu zuten, eta eraso guztiak Irun 1936-2026 txostenean bildu dituzte. Elkarlanean egindako lana izan da, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Antxeta Irratiak ondutakoa. Hilabeteetako lanean izan dira datuak eta garaiko bizipenak biltzen, iaz Antxetak proiektua aurkeztu zuenetik. Gaur aurkeztu duten txostenak galdera bat du abiapuntu: «Zer gertatu zen Irunen irailaren 4ko suteak baino lehen?».
Lanaren aurkezpenean Cristina Laborda alkatea, Gorka Alvarez Memoria Demokratikorako ordezkaria, Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzailea, eta Jabier Buces eta Irati Zuriarrain Aranzadiko historialariak izan dira. Guztiek argi dute txosten hori bonbardaketa horien ikerketaren hasiera besterik ez dela. «Ez dugu gai hau itxita utzi nahi; kontrakoa, lehenengo hurbilketa bat da, eta oraindik ere bide asko daude gaian sakontzeko», nabarmendu du Zuriarrainek.
Antxeta Irratiak urteak daramatza memoria demokratikoa lantzen, eta 90. urteurren honi iaz eman zioten hasiera. «Iaz, Etorbidea zubian Francoren heriotzaren 50. urteurrenean egin genuen argazki erakusketan konturatu ginen jendeak garaiko bizipenak kontatzeko zuen nahia», azaldu du Antxeta Irratiko koordinatzaile Aitziber Zapirainek. Azken batean, hori baita lanketa horren xedea: belaunaldi berrietara zabaltzea 1936an gertatu zena. «Txosten honen lana ez da bonbak zenbatzera mugatzen, kontakizuna osatzea du helburu», gehitu du Aranzadiko historialariak.
Kontakizunak, ordea, badu bere muina. Orain arte garaitu eta garaileen ikuspuntutik kontatu izan dela adierazi dute Aranzadikoek: «Ikuspuntu horretatik aldendu nahi dugu kontakizuna». Bide beretik Zuriarrainek, Irunen bonbardaketen «irudi sinplifikatua» zabaldu zela azaldu du, alegia, sute baten ondorioz suntsitu zela hiria aurretiazko erasoak eta indarkeria azaldu gabe. «Memoria historikoa berreskuratzen dugunean, historia egiten dugu», adierazi du Bucesek. Historia kontatzeaz gain, biktimen sufrimendua, duintasuna eta memoria berreskuratu nahi dituzte txosten horrekin. «Biktimen eskubidea oso presente izan dugu; egia, justizia eta erreparazioa. Hau da, egia jakitea justizia eta erreparazioranzko bidea egiteko», gaineratu du.
Egitarau zabala
«Orain arte, soilik, erasoen azken egunetan irabazleek kontatu digutena jakin dugu», azaldu du Alvarezek aurkezpenean. 90. urteurrenarekin egiaren bitartez gertatu zena kontatzeko udalak ere datozen hilabeteetarako egitarau zabala proposatu du. Bihar, hilak 3, hasiera emango diote Orratzaren begia: 1936- gerrako haurrak Intxorta 1937 elkarteak antolatu duen erakusketarekin. Hilaren 19ra arte, asteartetik igandera goiz eta arratsaldez, ikusgai egongo da CBAn. Horrekin batera, hilaren 17an, Gerrako haurrak: ebakuazioa eta erbestealdia hitzaldia eskainiko du Iosu Chuecak, 18:30ean hasita.
Larunbat honetan, hilak 5, Almudena Grandes plazan ekitaldi instituzionala egingo dute, 12:00etan; eta igandean, hilak 6, antzezpen historikoa egingo dute San Juan plazan. Bestalde, datozen hilabeteetarako hainbat hitzaldi programatu dituzte Palmera Monteron bonbardaketen testuingurua lantzeko. Alvarez: «Udalean Memoria Demokratikoa kudeatzeko ardura hartu genuenean argi genuen Irunek ezin zuela alde batera utzi bere historiaren zati hain garrantzitsu bat. Horregatik, aurten beste urrats bat eman nahi dugu, eta programazio zabala antolatu dugu indarkeria eta errepresioa jasan zutenak gogorarazteko eta haien istorioak berreskuratzeko».
Txostenaz gain, Antxeta Irratia podcastak eta dokumental bat ekoizten ari da. Aurrerago helaraziko dute ikus-entzunezko proiektu horien informazio zabalagoa.


No hay comentarios:
Publicar un comentario