martes, 29 de septiembre de 2026

EH Bilduk bat egin du Lurraldebusek herritarren artean sortutako ezinegonarekin

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el martes día 29 de Septiembre de 2026.

EH Bilduk bat egin du Lurraldebusek herritarren artean sortutako ezinegonarekin

Urriaren 1etik aurrera martxan jarriko diren aldaketek kezka sortu dute herritarrengan; emakida berria atzerapauso bat dela adierazi dute.

Urriaren 1ean indarrean jarriko diren autobus ordutegi berriak hautsak harrotu ditu. Irungo eta Hondarribiko herritarrek kezka dute horiek ekarriko dituzten murrizketak direla eta. EH Bilduk ere bat egin du herritarren kezka zein ezinegonarekin, eta emakida berria “atzerapauso” bat dela adierazi dute. Hondarribitarrek hiritik ateratzeko duten garraio publiko bakarra autobusa dela diote. “Hondarribiarren 10etik 7, egunero, Hondarribitik kanpo doa ikastera edo lanera”, gaineratu dute. 

Hondarribia eta Donostia lotzen duen zerbitzua %50ean murriztuko dute asteburuetan. Egunerokoan, gainera, Irun eta Hondarribiaren arteko zerbitzuak orduetgi aldaketak izango ditu. Garoa Lekuona Hondarribiko EH Bilduko ordezkariak argi adierazi du: “Emakida berriaren maiztasunek eta ordutegiek ez dute Hondarribitik Donostiara joateko aukera errazten; aitzitik, zailtzen dute”. Egun, E21 zerbitzuak 45 minutuko maiztasuna du, eta urriaren 1etik aurrera ordubetekoa izango da. “2023an, udalbatzak 30 minutuko maiztasuna izatea eskatu zuen, aho batez”, gogoratu dute.

Donostiarekin duen loturaz gain, Irunekin duen maiztasuna ere handiagoa izango da aurrerantzean. “Gaur egungo 15 minutuko maiztasuna, urriaren 1etik aurrerantz zerbitzu berriarekin, berriz, 20 minutukoa izango da”, azpimarratu dute. Bide beretik, Oihana Briones Irungo EH Bilduko ordezkariak honako hau gehitu du: “Irunen, Isuri Gutxiko Eremua ezarriko da mugikortasun eredu jasangarriago baten alde, eta hiritarrek garraio publikoaren aldeko apostua egitearen garrantziaz hitz egiten entzungo gaituzte behin eta berriro. Bien bitartean, Irun eta Hondarribia lotzen dituen garraio publiko bakarraren maiztasuna 15 minutukoa izatetik, 20 minutukoa izatera igaroko da Aldundiaren emakida berri honekin”.

Autobus zerbitzuaren gaia Batzar Nagusietan eztabaidatuko dute. EH Bilduk autobus zerbitzuen gaineko mozioan murrizketekin atzera egin eta “zerbitzuaren benetako bultzada eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari”. 

No hay comentarios: