viernes, 25 de septiembre de 2026

Txotxongiloei balioa emateko hirugarren pauso bat

Noticia publicada en Bidasoko HITZA , el viernes día 25 de Septiembre de 2026.

Txotxongiloei balioa emateko hirugarren pauso bat

Hirugarren aldiz egingo dute Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketa, Bidasoan. Ostomila taldeak sustatuta, profesionalen formazioan jarriko dute erdigunea aurten, baina hainbat ikuskizun ere

2024ko topaketetako une bat. Ostomila taldea

Hirugarrenez egingo dute Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketa Bidasoa eskualdean. Ostomila txotxongilo taldeak sustatuta, pozik daude lehen bi edizioek emandakoarekin, eta beraz, hirugarrenari ilusio handiz eutsiko diote. Urtero, gai orokor bat jarri izan diote topaketari, eta aurten, txotxongilolari profesionalen formazioan jarriko dute erdigunea.

“Lehenengo bi urteen arrakasta ikusita, aurrera egin behar genuela argi genuen”, adierazi du Ruben Mejuto Ostomila taldeko kideak. Lehen urtean txotxongilolari emakumeak jarri zituzten erdigunean, bigarrenean formazioa izan zen protagonista, baina aurten, azken horretan gehiago sakonduko dute, profesionalei zuzendutako formazio saioak eskainiz.

Mario Copete argi teknikariak emango du aurtengo formazioa, txotxongilo ikuskizunen argiztapenari buruzkoa. “Sari asko irabazi ditu Copetek bere ibilbidean zehar, eta zorte handia dugu, gurekin izango dugu”, esan du Mejutok. Hiru eguneko formazioa izango da, itxia, esan bezala profesionalei zuzendua baita.

Baina jendeak ere txotxongiloez disfrutatzeko aukera izango du, noski. Urriaren 2an hasiko dira ikuskizunak, 17:30ean, Hondarribiko Kultur Etxean. Gus Marionetas konpainiak eskainiko du topaketetako lehen saioa. Egunean bertan, Mejutok eta Ostomilako Tamara Cuellarrek hitzaldi bat emango dute. “Gerra karlistak amaitu zirenetik 1936ko gerraraino euskal txotxongiloen historia ikertzen ari gara. Ez da inoiz horrelako ezer ikertu, eta askotan sinetsi dugu ez zela horrelako tradiziorik izan. Baina artxiboetan hainbat aurkitu ditugu, hainbat txotxongilolari euskaldun”, azaldu du Mejutok. Haien ikerketa horri buruz hitz egingo dute topaketetako momentu berezienetariko batean.

Larunbatean, urriaren 3an, Olazabal parkean hasiko dute eguna, umeei begirako ikuskizun batekin. Ondoren Irunen izango dira 12:00etan eta 18:00etan, beste bi emanaldirekin, eta Pausun amaituko dute eguna, 22:00etan, kabaret batekin. “Txotxongiloak helduentzako sortu ziren, eta oso politikoak ere baziren. Baina dena aldatzen doa, eta gaur egun ikuskizunak %99an umeentzako bideratzen dira. Guk ere horrela jokatzen dugu”, dio Mejutok.

Baloratu beharrekoa
Ostomilako kideak uste du ez zaiola eman beharreko balioa ematen txotxongiloei. “Jendeak, artistek, musikariek edota antzerki mundukoek ez diote eman beharreko balioa ematen. Askok diote hau ez dela antzerkia, baina arte eszenikoen barnean antzerkia dago, eta txotxongiloak bertan daude”. Mejutok azaldu du haien ikuskizunak ordainpekoak balira ez litzatekeela inor hurbilduko, baina era berean artistei ordaindu egin behar zaiela. “Gure lana ez da soilik oholtza gainean egotea, askoz sakonagoa da. Kultura doakoa izan behar dela esaten jarraitzen badugu, horrek ez gaitu inora emango”.

No hay comentarios: