Etxebizitzaren alde kalera atera dira
'Etxebizitza duinaren alde, Euskal Herrian urrats bat aurrera' lelopean Ernaik elkarretaratzeak deitu ditu; San Juan plazan egin dute.
Etxebizitzaren gaia bolo-bolo dabil azken egunotan. Etxebizitzaren aldeko mobilizazioak ugariak izan dira txoko askotan. Ernaik ere kalera ateratzeko deia egin zuen atzo, hilak 5, eta Euskal Herriko 26 herritan elkarretaratzea egin zuten; baita Irunen ere. San Juan plazan dozenaka irundar bildu ziren, Etxebizitza duinaren alde, Euskal Herrian urrats bat aurrera lelopean. Atzoko elkarretaratzea Urrats bat aurrera kanpainaren baitan egin zuten.
Elkarretaratzeak Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hauteskundeak deitu eta ordu gutxira egin zituzten. “Etxebizitza auziari benetako eta integrala den konponbide bat eman ezean atzera pausorik egingo ez dugula argi geratu da. Etxebizitza duinaren aldeko borrokan ekarpena egiteko ez ezik, eskuin muturraren aurkako erantzun gisa ere aurkeztea funtsezkoa iruditzen zaigu”, adierazi zuten.
Epe laburrean, PP-VOX alderdiek osatutako gobernu baten aukera eman daiteke, eta horren aurrean erantzutea ere funtsezkoa dela diote. Hortaz, eskuin muturra eta etxebizitzaren auzia ezin dira bi gai bereizitu gisa landu, “biak ala biak, bizi dugun garaiaren eta kapitalismoaren ezintasunaren ondorio dira”.
“Azken hamarkadetan eraiki den eredu sozial, ekonomiko eta politikoa ez da sostengagarria. Neoliberalismoak goia jo du eta orain arte ezagutu dugun mundua abiadura bizian aldatzen ari da. Gauzak horrela, kapital metaketari eusteko geroz eta herritar gehiago prekarietate gordinenera kondenatuak izaten ari gara. Honek gure bizitzako ardatz guztiak zeharkatzen ditu eta etxebizitzaren kasuan oso modu argian ikus dezakegu”.
Etxebizitzaren eskubidea negozio bilakatu dute. Horren aurrean, “sakoneko aldaketa” eskatu du Ernaik. “Eskuin muturra kapitalismoak berak sortutako arazoei emten dion erantzun autoritarioa da”, azpimarratu dute. PP eta VOXek etxebizitzaren auzia pertsona migratuetan kokatu dute, eta horrekin batera, manifestarien zuzeneko kriminalizazioa bultzatu dute.
Bukatzeko, beste behin ere, espainiar faxistek Euskal Herria jo puntuan dutela gogoratu dute. “Oraingoan ere, faxistak Espainiako bandera eskutan dutela datoz, Euskal Herria bera, gure hizkuntza eta gure askatasun nahia jazartzeko prest. Gaurkoan ere, argi esan nahi dugu: Ez dira pasako. Euskal Herria eraikitzen jarraituko dugu”, amaitu dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario