lunes, 26 de octubre de 2026

Euskara Euskararen Egunak hiru hilabete iraungo ditu

Noticia publicada en Bidasoko HITZA, el lunes día 26 de Octubre de 2026.

Euskararen Egunak hiru hilabete iraungo ditu

Ostiral honetatik, hilak 30, abenduaren 9ra bitarte, egunero euskara erabiltzeko hamabi doako jarduera antolatu dituzte Euskararen Egunaren harira.

Euskararen Egunerako, abenduak 3, hilabete pasatxo falta bada ere gaur aurkeztu dute egunaren harira antolatuko duten egitaraua. Ostiral honetatik, hilak 30, abenduaren 9ra bitarte, hamabi jarduera antolatuko dituzte egunerokoaren euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Bigarren urtez, Euskarak 365 egun izango dute abiapuntu, eta horren barruan doakoak eta parte hartzaileak diren hainbat jarduera egingo ditu Irungo Udalak. 

Aurkezpenean, Josu Iguiñiz euskara ordezkaria eta Ander Arrese Oiasso Museoko zuzendaria izan dira. “Hiriko euskalgintzako eragileek, kultur elkarteek, ikastetxeek eta kirol taldeek eskatu zuten Euskararen Nazioarteko Eguna ez dadila izan abenduaren 3ko txinparta bat. Programazioa luzatzeko eskatu ziguten, gaur aurkeztu dugun egitaraua AROA planak kalera ateratzen duen lehen fruitu ikusgarrietako bat da”, adierazi du Iguiñizek. 

Pauso-K dantza eskolak Zazpiak bat ikuskizunarekin hasiera emango dio egitarauari. Ostiral honetan, hilak 30, Euskal Herriko zazpi lurraldeen dantzak eskainiko dituzte Amaia KZn, 19:00etan hasita. Azaroaren 13an, Ene Kantak taldeak egitarauari jarraipena emango dio. Nerea Urbizuren Amagoia Dragoia liburuan oinarritutako ikuskizuna antzeztuko dute Amaia KZn, haur askoren aurrean. Azaroaren 15ean, igandearekin, Amaia KZ-tik kalera aterako dira jarduerak, eta hiriko kaleetatik zehar kantu jira egingo dute. Irungo Abesbatza eta Benta Zaharreko Mutiko Alaiak kantuan ariko dira kaleak girotzen. 

Euskararen Egunaren bezperetan jarduerak gora egingo dute. Azaroaren 28an, larunbatean, Imanol Epeldek Zerbait sartu zait begian bakarrizketa egingo du Oiasso Museoan, 19:00etan. Abenduaren 1ean, Oiasso Museoan ihes gela bat prestatuko dute euskaltegiko ikasle zein mintzalagunentzat. Jarduera goizez izango da, eta arratsaldean, 19:00etan, Adiorik ez antzezlana taularatuko du La Dramatica Errante konpainiak.  

Egitaraua borobiltzeko abenduaren 6an, Euskararen Eguna pasata, Irungo Txistulari Taldea eta muxikoak goiza alaituko dute, San Juan plazan eta inguruko kaleetan. Azkenik, abenduaren 9an, asteazkenarekin, Mintzo zen laburmetraiaren proiekzioa eta Aitor Aranaren hitzaldia antolatuko dute.

Emanaldi guztiak doakoak izango dira, baina Amaia KZn antolatzen diren ikuskizunetarako gonbidapenak eskuratu beharko dituzte udal webgunean, Amaia KZn edota Luis Marianoko turismo bulegoan. Oiasso Museorako, museoan bertan, hartu beharko dituzte. 

No hay comentarios: