Asun Casasolaren bizitza eta ibilbidea jorratuko ditu Lupe Calvo kazetariak
Nagore Laffageren amak urteotan egindako lanketa egin du, 'Por todas. Asun Casasola, activista contra la violencia sexual' liburuan. Aurkezpena hilaren 23an izango da, Palmera Monteron.
Asun Casasolaren bizitza liburu bilakatu du Lupe Calvo Elizazu kazetariak. Por todas. Asun Casasola, activista contra la violencia sexual liburuak Nagore Laffageren amak urteotan egindako ibilbidea eta 2008ko uztailaren 7an gertatutakoa kontatzen du. Asun Casasolaren testigantzak izan ditu oinarri idazleak, baita haren senideen lekukotzak eta Irungo zein Iruñeko mugimendu feministako ordezkarien iritziak ere.
Lupe Elizasuk Madrilgo Catarata argitaletxearekin argitaratu du. Ibilbide luzeko kazetaria da, eta hainbat mediotan lan egin du. 2024an, bere lehenengo liburua argitaratu zuen, Lourdes Ibañez de Gaunari buruzkoa. Bigarren liburu honetan, gainera, Nevenka Fernandezen hitzaurrea izango du. Nevenka Fernandez Ponferradako Ogasuneko ordezkaria izan zen, 1999. eta 2000. urteetan. Orduko alkatea, Alderdi Popularreko Ismael Alvarez, sexu jazarpenagatik salatu zuen Nevenka Fernandezek. Istorio hau pantailetara eraman zuten Soy Nevenka filmearen bidez.
Liburua dagoeneko liburu dendetan salgai dago. Liburuaren aurkezpena hilaren 23an izango da Palmera Monteron, 18:00etatik aurrera. Liburua erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Aurkezpena, azaroaren 25ean ospatuko den Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren egitarauaren barruan antolatuko dute.


No hay comentarios:
Publicar un comentario