Adaxkak emanaldia eskainiko du gaur Gironako talde batekin batera
Blaneseko Esbart Joaquim Ruyra taldearekin burututako elkartrukearen barne dago Urdanibia plazan ospatuko den saioa
- M.A.I.
- IRUN
Euskal Herri eta Kataluniako dantzen arteko elkartrukea izango da ikusgai gaur, larunbata, Urdanibia plazan. Irungo Adaxka Dantza Taldeak eta Blaneseko Esbart Joaquim Ruyra Taldeak parte hartuko dute saioan, 18:30etik aurrera.
Emanaldi hau bi taldeek burututako elkartruke baten ondorioa da: Irungo Kemen Dantza taldeko harrobia den Adaxkako dantzariak Gironan izan ziren, uztaila erdialdean, Blanes herriko Esbart Joaquim Ruyra taldeko dantzariekin batera. Irungo hamar eta hamalau urte bitarteko 25 dantzariek bidaiatu zuten Kataluniara uztailaren 15ean. Gironan dagoen Blanes herrian pasa zituzten hurrengo egunak.
Esbart Joaquim Ruyra taldeko dantzariekin batera, Adaxkakoek dantza saio eta kalejirak egin zituzten, «bai Blanesen bertan baita ondoko Lloret de Mar herrian ere», azaltzen dute Adaxkako kideek. «Hango eta hemengo dantzak elkarri erakusteko aukera ere izan zuten dantzariek, fandango eta arin-arinak sardanekin nahasiz». Gironan egun batzuk pasa ondoren, «uztailaren 20an iritsi ziren dantzariak berriz eskualdera, elkartrukearen lehen zatiari amaiera emanez».
Hondarribia eta Bizkaian
Orain, elkartrukearen bigarren zatiari ekitea dagokie Adaxka taldeko kideei. Joan den ostegunean, hilak 30, dantzari kataluniarrak Irunera iritsi ziren. «Bertatik etorritako 25 dantzari eta musikari gazte izango dira gurean lau egunez», Adaxka taldeak zehaztu zuenez. «Eta noski, bi herrietako ondare kulturala zabaltzeko eta herrien arteko harremanak estutzeko hainbat ekitaldi antolatu ditugu».
Ostegun bertan izan zen lehenengo saioa, Hondarribian: arratsaldean, Adaxka eta Esbart Joaquim Ruyra taldeko kideek elkarrekin irten ziren kalejiran Santa Maria Madalena plazatik. Herria musikarien laguntzaz gurutzatuta, Kasino zaharrean amaitu zuten ibilbidea bi taldeek, bertan emanaldi bat eskain-tzeko. Ondoren, atzo, bi taldeak Bizkaia aldera joan ziren, Kemeneko dantzariekin eta Foruako Urdaibai Dantza Taldearekin batera bigarren saio bat eskaintzeko.
Eta azkenik, elkartrukea amaitzeko, gaur ospatuko dute azkeneko emanaldi berezi bat Irungo Urdanibia plazan: «bi herrietako dantzak ikasteko aukera eskainiko dute. Horretarako, dantza trukaketa eta erromeria antolatuko ditugu 18:30etik aurrera», azaldu zuten. «Bi taldeetako gidariek lagunduta, Euskal Herriko zein Herrialde Katalanetako dantzak ikasi eta dantzatzeko aukera izango du bertara gerturatzen den edonork».
Adaxka Dantza taldeko ordezkariek hiritar guztiak gonbidatzen dute emanaldira, «bi herriotako ondare kulturalaz gozatzeko».
No hay comentarios:
Publicar un comentario