Irungo Udalak kilometro bat erosi du Korrikak hirian egingo duen ibilbidean
- M.A.I.
- IRUN
Korrikaren 20. edizioa datorren asteartean, apirilaren 4ean, pasatuko da Irundik. 13:59etan sartuko da hirian barrena Ventas aldetik. Irungo zenbait kaletan zehar egingo du bidea: Andrearriaga kalea, Elizatxo Hiribidea, Gipuzkoa hiribidea, Colon pasealekua eta Nafarroa hiribidea ere, Behobiara iristeko eta, Bidasoa ibaiaren gainetik, Pausura igaro-tzeko.
15:54ean, berriz, bueltan izango da lekukoa Irunen, oraingoan Santiago zubitik. Iparralde hiribidea igo eta Colon eta Hondarribia kaletik, Hondarribira joko du. Hirugarren bisita egun berean egingo dio Korrikaren lekukoak hiriari Hondarribitik datorrenean, 16:41ean. Letxunborro hiribidea puntatik puntara korrika egingo dute lasterkariek eta, ondoren, Gaintxurizketako gailurreraino igoko dute lekukoa Donostiarako bidean.
Euskara arloko ordezkaria den Josune Gomezek jakinarazi zuen atzo aurten Irungo Udalak erosi duen kilometroa zein izango den, udaletxearen aurretik igarotzen dena, alegia. «Kilometro horren ren zenbakia 1.185 da; Laliren Kioskotik (Agirre gozodendaren parean), Nafarroa ibilbideko Avia gasolindegia pasa eta autobus geltokiraino doana». Gomezek ordutegia ere aurreratu zuen. «Arratsaldeko 14:28etan Lali Kioskoaren aurrean lekukoa hartu eta Korrikarekin bat aurrera egingo dugu».
Horrez gain, ostegunean, apirilaren 6an, Korrika txikia ospatuko da Irungo kaleetan, goizeko 10:30etik aurrera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario