'Joxe Mari Lopetegiren iturritik bertsotan' kantaldia bideo batean bildu du Bertso Eskolak
- M.A.I.
- IRUN
Txingudi Bertso Eskolako Bertso Tailerrak ideia polita bati ekin zion joan den urtean, hau da, Joxe Mari Lopetegi, irundar 'bertsolari errepublikarra', gaurkoratzea. Gizon honek bertsolaritzari eta euskarari egin zizkion ekarpenak galdu ez zitezen, hainbat ekimen aurreikusten zituen programa eratu zuten tokiko bertso eskolak duen bertso tailerraren kideek.
Horien artean, besteak beste, joan den urrian 'Joxe Mari Lopetegiren iturritik bertsotan' kantaldia burutu zen. Honakoan, Bertso Tailerrak han gertatutakoa jaso eta bideo batean kokatu duela jakinarazi du.
Bere urtebetetzean
Bideo hau joan den ostegunean argitaratu zen, apirilaren 13arekin. Ez zen edonolako erabakia izan datarena. Joxe Mari Lopetegi 1875eko apirilaren 13an jaio zen eta, hortaz, ostegunean, 142 urte bete ziren bere jaiotzetik. Gainera, «Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zen egunaren bezpera zen», ohartarazi zuten antolatzaileek. Ez zuten alde batera utzi izan nahi «errepublika zale eta euskal zale sutsua» zela bertsolari irundar hau.
Kantaldian gertatutakoa ordu eta erdiko bideoan bildu da, ondo editatua eta kalitatezko soinuarekin. Kantaldian bertan pertsona, abeslari eta bertsolari ugarik hartu zuten parte, baita ere Auntxa Trikitixa Eskolak eta Irungo Kontserbatorioko hainbat ikasle eta irakaslek. Ikusi nahi dutenek, YouTube sarean aurki dezakete 'Irunabar Irungo bertsoaren Bilgunea' erabiltzailearen eskutik. Bestela ere, elkarte honen weborrian aurki daiteke, irunabar.wordpress.com. Horrez gain, Lopetegiren inguruan sakontzeko, bere Wikipediako sarrera iaz ondo osatu zuten Bertso Tailerrako kideek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario