martes, 20 de febrero de 2018

50 Aurpegi Herri Galdeketa Hauxpotzeko

Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el lunes día 19 de Febrero de 2018.

50 AURPEGI HERRI GALDEKETA HAUSPOTZEKO



Hartu Hitza Irun aurkezpena

Askotariko irundarrek eman diote babesa herri galdeketari
Hartu Hitza Irun elkarteak agerraldia egin zuen larunbat goizean Amaia Kultur Zentroan, azaroaren 18an egingo den herri galdeketari sostengua emateko. Askotariko herritarrak elkartu ziren bertan, eta 50 irundarrez osaturiko zerrenda bat aurkeztu zuten; gutxi batzuk kenduta, gainontzeko guztiak hurbildu ziren Amaiara, argazkilarien aurrean paratzeko —ikusi 50 irundarren zerrenda. Eta Amaiara hurbiltzerik ez zuten beste zenbaitzuk bideoz adierazi zuten euren atxikimendua.
Talde argazkiaren ondoren, Elena Berazadik eta Itziar Gomezek prozesuaren egutegia aurkeztu zuten. Azaroaren 18ra arte bederatzi hilabete dituzte aurrean eta prozesuan parte hartzeko gonbita luzatu zieten irundar guztiei. “Hartu Hitza Irun irekia eta parte hartzailea den elkarte bat da eta ezberdinen artean zubiak sortzea da gure nahia”, azpimarratu zuen Gomezek. Bi aurkezleen hitzetan, gizarte lorpen handienek parte hartzea izan dute oinarrian, eta une historikoaren aurrean gaudela nabarmendu zuten: “Ariketa demokratiko baten protagonistak izateko aukeraren aurrean gaude. Erabakitzeko eskubidea printzipio demokratikoa da, gizarte osoari onura egiten diona”.
Erroldaren %5a berme gisa
Galdeketaren berme gisa, sinadurak beharko ditu Hartu Hitza Irunek. Apirilaren 29a baino lehen 3.000 sinadura eskuratu nahi ditu elkarteak, erroldaren %5a pasatxo. Hori izango da prozesuaren lehen urratsa, eta dagoeneko abian da. Larunbatean hasi ziren sinadurak biltzen, Amaian bertan, eta atzo kalera atera zituzten mahaiak, Zabaltza eta Luis Mariano plazetara.
hartu Hitza Irun galdeketa
Larunbatean jaso zituzten lehen sinadurak. Hiru mila behar dituzte
Hurrengo asteburuan Oiasso museoaren parean (larunbatean, 19:30etik 21:30era) eta Urdanibia plazan (igandean, 11:30etik 13:30era), izango da sinatzeko aukera.
Ekitaldi nagusia martxoaren 3rako ari dira antolatzen. Egun horretan, 11:30etik 13:30era, bost lekuetan jarriko dira Hartu Hitza Irun elkarteko kideak: San Juanen, Zabaltzan, Luis Marianon, Fermin Calbetonen eta Urdanibian. “Martxoaren 3koa festa handi bat izango da”, ziurtatu zuen Berazadik. Eta biharamunean, ordu tarte berean, San Juan plazan errepikatuko dute.
Ondoren, galdera zehaztea
Apirilaren 29a izango da azken sinadurak jasotzeko azken eguna. Hortik aurrera, bigarren fasean sartuko da Irungo herri galdeketaren prozesua. Maiatzaren 19ra bitarte, galdeketaren galdera zehazteko epea irekiko da.
Galdeketa Irunen antolatzeko gutxi gorabehera 60.000 euro beharko direla erantsi zuten larunbatean, “euro bat irundar bakoitzeko”. Kostu hori nola finantzatuko den aurrerago zehaztuko dute.
Amaiako ekitaldia burutzeko, Aitor Errazkin Irunabar bertsolaritza elkarteko kideak, bertso musikatuak eskaini zizkion Irunen hurrengo bederatzi hilabeteetan zehar garatuko den prozesu parte hartzaileari. Hortxe Errazkinek herri galdeketari jarritako bertsoak.

No hay comentarios: