GALDERA ADOSTEKO PROZESU PARTE HARTZAILEA IREKIKO DU HARTU HITZAK
Azaroko herri galdeketari begira jarri dira dagoeneko Irungo Hartu Hitza plataformako kideak. Joan den martxoaren 24an Palmera Montero gunean elkartu ziren, eta bertan galdera zehazteko aurrera eramango duten prozesua definitu zuten.
Galdera “ahalik eta parte hartzaileena” izatea nahi dute plataformakoek, eta horretarako, prozesu parte hartzaile baten bidez definituko dute galdeketa herrikoian planteatuko duten galdera. Sare sozialak baliatuko dituzte horretarako, datorren hilaren 9an (astelehena) igoko duten bideo batekin. Bertan, galdeketaren helburua azalduko dute, eta irundarrei iradokizunak bidaltzeko eskatuko diete. Apirilaren 28ra bitarte izango dute aukera herritarrek iradokizunak bidaltzeko, Hartu Hitzaren helbidera.
Galdeketa adosteaz gain, datorren hilaren 21ean ere sinadura bilketa egingo dute, eta bertan ere aipatutako iradokizun guzti horiek proposatu daitezke. “Sentsibilizazio eta izaera ezberdinak dituzten pertsonak behar ditugu”, zehaztu dute plataformatik. Galdera adosteko Adosgune talde bat osatuko dute, eta herritarrek bidalitako proposamen guztiekin hiru-lau galdera definituko dituzte, ondoren maiatzaren 12an Irungo Herri Kontsultaren galdera zein izango den adosteko.
Bestalde, datorren maiatzaren 19an Euskal Herri guztian egingo duten Klik Eguna baliatuz, sinadura bilketan zehar jaso dituzten sinadura kopurua publikoki aurkeztuko dituela jakinarazi du Hartu Hitzak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario