EH BILDU ETA EAJ-REN BABESA JASO EZKERO, ZENTSURA MOZIOA PLANTEATUKO DU SPI-K
Si Se Puede Irun taldea prest dago zentsura mozioa proposatzeko. Azken egunotan EH Bildutik mozio hori egiteko aukera bazegoela adierazi zuten, eta gaur, SPIko bozeramaileek aurrera pausua eman dute. Irungo Ahal Duguren Idazkari Nagusi Miren Echevestek, Ahal Dugu Gipuzkoako koordinatzaile Maria Valientek eta Si se Puede Irunen bozeramaile David Sotok eman dute proposamenaren berri.
“2015ean aldaketarako bide zirraragarria ireki zen gure hirian, gure alderdia agertoki politikoan sartu zelako”, adierazi dute lehenik. Alderdiaren agerpenarekin, “ilusio berritzaile” egoera eman zela diote, eta horrekin batera, oposiziotik benetako aldaketak egiteko aukera irekitzen zela. “Zoritxarrez”, oposiziotik egitasmo politikoa mugatua dela salatu dute.
Irunek “haize berriak” behar dituela adierazi du Valientek. Era berean, Jose Antonio Santano alkatearen gobernuak “modu merkantilistan, logika aurrerakoi eta ezkertiar guztietatik urrun” lan egin duela salatu dute. Sotok aldiz, edonolako aldaketek ezkerretik eta ikuspuntu progresista batetik egin beharko direla adierazi du. Adierazpen horren harira, azken udal hauteskundeetan ordezkaritzan bigarren postuan geratu zirela gogoratu dute, eta hortaz, aldaketak egiteko gai direla.
Horregatik guztiagatik, zentsura mozioa planteatzeko iniziatiba hartuko dutela jakinarazi dute gaur. Hala, ordezkaritza gehien dituzten bi alderdiekin (EAJ eta EH Bildu) bilduko dira, eta elkarrizketa horien emaitzaren berri berehala emango dutela adierazi dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario