Segurtasuna jarreran eta irrifarrea ahoan
Kemen Dantza Taldeko Kizkitza Gonzalezek eta Beñat Oiartzunek eman dizkiete aste honetako aurresku klaseak zinegotzi berriei. Nola irakatsi dantza hau inoiz dantzatu ez duen norbaiti? «Modu errazean esplikatu behar da, konplikazio askotan sartu gabe», azpimarratzen du Kizkitza Gonzalezek. «Dantza ahalik eta gehien sinplifikatzen dugu. Azkenean, dantza arloan badaude teknika desberdinak eta xehetasun askotan sartu zaitezke. Baina honetan berriak direnez eta klase gutxi dituztela kontuan izanda, azalpenak ahalik eta errazen ematen ditugu», esaten du Beñat Oiartzunek.
Aurtengoa urte berezia da: agintaldiko lehenengoa izanik, hamar zinegotzirentzat aurreskua dantzatuko duten lehen aldia izango da: 2018an, ordea, «bakarrik bi entsegu egin genituen», gogoratzen du Beñat Oiartzunek. «Musika jarri genuen unean, zinegotziek oroitzen zituzten pausoak».
Zein aholku eman dizkiete aurten aurreskua dantzatuko dutenei? «Etxean entsaiatzea, eta dantzatzeko momentua iristen denean, urduri ez jartzea», dio Kizkitza Gonzalezek. Azkeneko hori «izango da, ziur aski, zailena». Baina zinegotziei esan zieten bezala, aurreskua dantzatzeko unean «jarrerak eta itxurak asko egiten dute, eta baita irrifartsu egoteak. Segurtasuna nabarmentzen da».
No hay comentarios:
Publicar un comentario