Irun Zuzenean jaialdia irailaren 28an egingo da Urdanibia plazan
Jaialdiaren formatu berriak aurreko esperientziak jasotzen ditu musika eta jarduera egun bat bihurtuta
Irunek zuzeneko musikarekin hitzordu bat izango du irailaren 28an. 2019ko Irun Zuzenean jaialdiak musika, kultur eta jarduera jardunaldi bat eramango du Urdanibia plazara.
Aurretik egin diren beste esperientzia batzuen oinordeko izango da jaialdi hau (Irun Rock, MEK, Irun Zuzenean 2018), eta formatu zabala izango du; izan ere, estilo askotariko musika bilduko du egun osoan hiru eszenatokitan, kartel-buruek eta bertako taldeek joko dute, eta jarduera osagarriak ere egingo dira egun osoan. Jarduera horien artean, artisautzako azoka txiki bat egingo da, eta dohainik eman ahal izango da izena. Horren berri gehiago izango da aurki web orri honetan: https://www.mercadabadillo.com/.
Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak azaldu duenez, “Irun Zuzenean 2019 beste urrats bat da, beste esperientzia bat Irunen zuzeneko musikarekin dugun apustu garbian. Bisitatu gaitzaketen taldeekin eta jotzeko lekua eskaini nahi diegun bertakoekin. Formaturik onena bilatzen ari gara, erakargarriena, gure jendearen nahiei erantzungo diena, eta ziur naiz aurtengo hitzorduak jende asko gogobeteko duela.”
Irun Zuzenean 2019 jaialdi honek ia bikoiztu egiten du aurrekontua aurreko urteekiko, eta urteko 40.000 euro ingurukoa izango da.
Antolakuntza berria
Aurtengo antolakuntza lehiaketa publiko baten bidez esleitu da, eta 4 enpresa aurkeztu dira horretara; guztiak ere sektorean esperientzia handikoak. Tokiko Gobernu Batzarrak uztailaren 24ko bilkuran esleitu zuen kontratua. Kontratu berri honek 2 urte iraungo du, eta beste bi urte luzatzeko aukera egongo da.
Guajira Sicodélica SL enpresak irabazi du lehiaketa, eta bera arduratuko da 2019ko jaialdia antolatzeaz. Esperientzia handia du egiaztatua, eta, besteak beste, Dabadaba aretoa kudeatzen du Donostiako Egia auzoan, Dabadaba Beach Ondarretan edo Alabortza Kantina Pasai Donibanen. Gainera, gure inguruko musika-ekitaldi ugaritan laguntzen du. Azkenekoa Glad is The Day jaialdiaren bosgarren edizioa izan da, abuztuaren 4an egin zena. 10.000 lagun eraman zituen Donostiako Cristina Enea parkera.
Oraintxe bertan, irailaren 28ko xehetasun guztiak ixten ari dira, eta abuztuaren amaieran emango dira jakitera.
Azken batean, kulturako ordezkariak ziurtatu duenez, “Udalak zuzeneko musika onenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Gainera, esan daiteke irailean musika-sorpresa gehiago ere izango direla eta aurki iragarriko direla…”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario