Aldaketa klimatikoaren aurka neurri zehatzak hartzeko mozioa aurkeztu du Irungo EH Bilduk
Ostiral honetan burutuko den udalbatzan eztabaidatuko da mozioa
Larrialdi Klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzat dagoeneko kezka nagusi bihurtu da, ez bakarrik larrialdia bera, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.
Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren bilakaeraren inguruko abisuak eta jakinarazpenak igorri ditu. Aldaketa klimatikoa, berotegi efektuzko gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari da, eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak atzematen hasiak gara.
Urtez urte argitaraturiko txostenetan egoera kaskartzen ari deneko zantzuak ditugu. Nazioarteko hainbat erakunde eta lantaldek argitaratzen dituzten txostenetan gero eta argiago esaten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakon bat, iraultza bat, eman behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi badiogu eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu.
Orain arte emandako pausoak guztiz ez nahikotzak jotzen ditu EH Bilduk. Eta aurkeztutako mozioaren bitartez, egoeraren larritasuna aitortzea du helburu, Larrialdi Klimatikoari behar besteko arreta ipintzeko asmoarekin, aurrerantzean politika publiko guztiak Larrialdi Klimatiko egoeraz kutsa daitezen.
Hala, besteak beste, Irungo Udalak Larrialdi Klimatiko egoera deklaratzea eta bere eskumenen baitan Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzea eskatzen du koalizio subiranistak aurkeztutako mozioa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario