Irungo EH Bilduk etxebizitza politika ausarta eta berritzailea eskatzen du
Koalizioak etxebizitzaren gainean egin duen lanketa “serio eta sakona” aurkeztu du
Irungo EH Bilduk etxebizitzaren arazoaren aurrean “lanketa serio eta sakona” egin du azken urteotan. Lan hori azaltzeko prentsaurrekoa eman dute taldeko zinegotzi Oihana Brionesek eta zinegotzi ohi eta taldeko kide Dani Berasategik.
Gaia kokatzeko, etxebizitza duin batean bizitzeko geroz eta Irundar gehiagok zailtasunak dituztela nabarmendu du Brionesek. “Etxebizitza gizarte bazterketaren motoretako bat da eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu gizartean: Caritasek joan den astean argitaratu zuen “Foessa Euskadi” txostenak dio gizartean arazoak sortzen dituzten elementuen artean, etxebizitza lehen postuan dagoela. Eta honek, EAEko biztanleria osoaren %22,2ri eragiten dio aipatutako txostenaren arabera, batez ere, gazteei eta emakumeei. Izan ere, egun, prekarietatea dela-eta, soldata batek ez du etxebizitza duin bat bermatzen.”
Arazoari, politika publikoekin aurre egin behar zaiola adierazi du Brionesek eta horretarako “neurri ausart eta berritzaileak” eskatu ditu. Hala, koalizio subiranistak “aldarrikapenera” mugatuko ez dela nabarmendu du Brionesek. Izan ere, azken urteotako lanketaren ondorioz “aurrekontuetan txertatu daitezkeen neurri zehatz eta egingarriak” mahaigaineratu ditu.
Neurrietan sartuta, Dani Berasategik, alokairuko etxebizitzen parke publikoa sortzea eskatu du. Zentzu horretan, hutsik dauden etxebizitzen errolda egitearen garrantzia azpimarratuz. Izan ere, errolda horrek kasu desberdinak ezagutzen lagunduko luke, eta etxebizitza horiek jada indarrean dauden programa ezberdinetan sartzeko aukera izango lukete.
Berasategik gogoratu duenez, “gazteak dira alokairua ordaintzeko zailtasun gehien dituztenak, eta horrek emantzipazioa zailtzen eta atzeratzen du”. Horri aurre egiteko gazteei zuzendutako zuzkidura etxebizitzak proposatzen ditu koalizio ezkertiarrak. Zuzkidurako etxebizitzak, “denbora mugatu baterako esleitzen diren bizitiokiak” direla azaldu du Berasategik: Gazteek alokairu publiko murriztua ordainduko lukete bertan. Aipatutako denbora mugatua igarota, gaiari jarraibidea eman beharko lioke udalak, alokairu publikoa sustatuz”.
Indarrean dagoen Hiri Antolaketa Planak etxebizitzak eraikitzea aurreikusten duela azaldu du Dani Berasategik, Via Irunen eremuan etxebizitzak ere eraikiko direla azalduz. “Gure taldeak marra gorri argia dauka: Egun, Via Irungo lurrak publikoak dira, eta publikoak izaten jarraitu behar dute. Bertan eraikitzen diren etxebizitza guztiak publikoak izan behar dute.”
Azkenik, udal gobernuari “etxebizitza eskubide bihurtuko dituen politika berritzaileak martxan jartzeko “gonbitea luzatu dio Oihana Brionesek, “ildo honetan lan egiteko bidelagun izango gaitu”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario