Irun eta Hondarribiko elikagaiak erosteko erraztasunak abian dira
ESKUALDEKO EKOIZLEAK ETA DENDARIAK PRODUKTUAK HIRITARRENGANA HURBILTZEKO NEURRIAK HARTZEN ARI DIRA AZKEN ASTEETAN
– J.G. 03.04.2020 | 00:04
IRUN-HONDARRIBIA – Koronabirusaren pandemiak eragindako krisiaren aurrean, BDS Koop eraldaketa fabrikak Bidasoaldeko elikadura subirautzaren alde lanean jarraitzen duela gogorarazi zuen atzo. Horretarako Hondarribiko Agroaldean salmentak mantentzen dira, Aldatsa baratza bezalako kontsumo taldeek beraien produktuen banaketarekin aurrera egiten dute, Labore tokiko produktuen kontsumorako denda-elkartea irekita jarraitzen du Irunen eta Hondarribiako azokako ekoizleak lanean ari dira segurtasun neurriekin azoka berriro irekitzeko. Elkartetik bertako produktuen kontsumoa sustatzeko deia luzatu zuten atzo.
Ildo berean, MercaIrunek aurrerapauso bat eman du aste honetan bere produktuak telefonoz eskaintzeko eta etxez etxeko banaketa aktibatzeko.
Hala, MercaIrungo sei establezimenduk bat egin dute ekimenarekin, eta txarkuteria, fruta, barazki eta bakailao produktuak eskainiko dituzte. Oraingoz ekimenera atxikitu diren dendak eta bere arduradunekin harremanetan jartzeko telefonoak honako hauek dira: Bacalao Bakailuak (943 637 117), Carlos Zubikoa urdaitegia (943 634 023), Genoveva urdaitegia (943 621 360), Josimiri urdaitegia (943 631 782), Pilartxo fruta eta barazkiak (943 624 564) eta Juncal barazkiak (943 632 636).
MercaIrungo postuei buruzko informazio gehiago lortzeko, 943 638 394 telefono zenbakira dei dezakete interesa duten pertsona guztiek. Alarma egoera dela eta, merkatuko ordutegia honakoa da: 9.00etatik 13.30era goizez eta 16.30etik 19.00etara arratsaldez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario