Dagoeneko amaitu dituzte kalea oinezkoentzako egokitzeko azken lanak. Monica Martinez eta Borja Olazabal ordezkariek kalea bisitatu dute gaur.
Irungo Udaleko ordezkari Borja Olazabal eta Monica Martinezek Javier Esteban Indart kalea bisitatu dute gaur. Urte berriarekin kaleak irudi berria estreinatuko duela azaldu dute bertan; autoen trafikoarekin amaitu eta kalea oinezkoentzako egiteko lanen gaineko xehetasunak eman dituzte.
«Kasu honetan, neurria arrakastatsua izan da hasiera-hasieratik. Zirkulazioa desbideratzeko alternatiba erraza zen, eta autorik gabeko gune seguruagoak izateko eta distantzia handiagoak uzteko lekua aurkitu dugu, auzotarrentzat zein merkatari eta ostalarientzat», esan du Olazabalek. Udalaren asmoa «proiektu xume baina praktikoa» egitea izan dela erantsi du Martinezek, «kaleari itxura polita emateko eta kaleko altzari berezi batzuk jartzeko, galtzadari akabera berezia emateaz gain».
Hala, kalea oinezkoentzat bakarrik egokitzeko eta kalearen itxura erabilera horrekin bat etortzeko lanak egin dituzte kalean. Hainbat hiri elementu jarri dituzte, ibilgailuak ezin sartzeko batetik eta oinezkoak gustura egoteko giroa eta autorik gabeko gune gehiago sortzen laguntzeko bestetik.
Guztira, akabera zuriko hormigoizko hamahiru jardinera prefabrikatu instalatu dituzte, bertan loreak landatzeko. Horrez gain, zazpi banku, bost aulki eta kolore eta forma askotariko xaflak jarri dituzte galtzadan barrena, udalaren arabera, «oso ikusgarriak».
No hay comentarios:
Publicar un comentario