jueves, 2 de diciembre de 2021

Kalean Bai berrindartzeari ekin diote Udalak eta hiriko elkarte eta klubek

Noticia publicada en Diario Vasco,el jueves día 2 de Diciembre de 2021.

Kalean Bai berrindartzeari ekin diote Udalak eta hiriko elkarte eta klubek

Hamabi entitatek bere konpromisoa berretsi zuten atzo ekimen honen eskutik euskararen erabilera haur eta gazteen aisialdian sustatzeko 


 Dozena bat elkartek eta klubek bere Kalean Bai hitzarmena berretsi zuten atzo./F.DE LA HERA

IÑIGO MORONDO IRUN.

Bada denbora Irungo Udalaren Euskara Arloak Kalean Bai programa abian jarri zuela. 2003 urtean, Irungo aisialdiko jarduerak eta ekintzak urratsez urrats euskalduntzeko helburuarekin lehen hitzarmenak sinatu ziren hiriko hainbat entitaterekin. Urteak joan ahala, Kalean Bai sendotuz eta handituz joan zen eta, denera, 90etik gora elkarterekin izan da harremana 2020ra arte eta 64k zuten sinatuta hitzarmenen bat, orokorra edo espezifikoa.

Euskara Arloak abiarazitako hausnarketaren ondorioz, Kalean Bai berraktibatzeko lana hasi da. Atzo, bihar ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, udaletxeko Areto Nagusian eman zen lehen urratsa. Hamabi elkarte eta klubek aurretik zuten hitzarmena berretsi zuten egungo errealitatera egokitua dagoen testu berri bat sinatuz. «Zuen eguneroko aktibitateetan euskara sustatzeko konpromisoa hartzen duzue eta Udala bide lagun izango duzue», adierazi zuen Euskara arloko zinegotzi Miren Echevestek, bai zerbitzuak baita dirulaguntzak eskainiz beti ere aisialdiaren euskalduntzea lortzeko.

Irungo alkate José Antonio Santano ekitaldira hurbildu zen ere. «Ohore handia da sinadura hauen lekuko izatea», aitortu zuen. «Kalean Bai Irungo aisialdiko jarduerak eta ekintzak euskalduntzeko bitarteko izaten jarraitzea nahi dugu».

Plana indarta eta zabaldu

Zentzu horretan planaren berrak-tibazio prozesua diseinatu du Euskara Arloak. Atzoko hitzarmenak lehen fase baten zati bat dira. Lehen fase horretan guztira 21 entitatek hartuko dute parte. Guztiek aurretik zuten hitzarmen bat eta 25 urte bitarteko haur eta gazteentzat eskola orduz kanpoko jarduerak antolatzen dituzte: Ametsa Abesbatza, Auntxa Trikitixa Eskola, Bidasoa Atletiko Taldea, Bidasoa Judo, Bidasoa KE (eskubaloia), Bidasoa XXI, Eraiki Dantza Taldea, Erroibide Saskibaloia, Ibarla-Meaka Dantza, Irun Rugby Taldea/Txingudi Errugbi Taldea, Irungo Txirrindulari Elkartea, Jaizubia Hipika, Kemen Dantza Taldea, Leka Enea Mahai-Tenisa, Mariño Kirol Kluba, My Dance Studio, Pauso-K, Real Unión Club, Santiagotarrak, Skola Musik eta Txorimaloak Soinu Taldea.

Bigarren fasean aurretik akordioa sinatuta zeukaten gainon-tzeko entitateekin jarraituko du prozesuak. Banan-bana deituko zaie hitzarmena berritzeko.

Azken fase batean Kalean Bai unibertsoa zabaltzeko deia egingo da, azken urteetan sortutako eta haur eta gaztetxoekin lanean diharduten elkarte eta talde guztietara iristeko.

No hay comentarios: