Noticia publicada en Bidasoko Hitza, el martes día 31 de Enero de 2023-
Inguru horretako auzotar askok aurkeztutako eskaerei erantzunez, Blaiako hilerria eta industrialdea lotzen dituen landa bidea behin betiko itxiko da bihartik aurrera.
Irungo Udalak jakinarazi du bihartik aurrera, otsailak 1, segurtasuna dela eta, behin betiko itxiko dela ibilgailuentzat Blaiako hilerria eta Zaisa III industrialdea lotzen dituen landa bidea, Ernautenean. Udalak adierazi du inguru horretako auzotar askok aurkeztutako eskariei erantzunez hartu dela erabaki hori.
Aldaketaren arrazoietako bat da landa bide horrek izan ohi duen trafiko handia. Udalak azaldu du bide hori printzipioz inguruko etxebizitza eta baserriei zerbitzua emateko dela, baina lotura ere baduela Zaisa III industrialdearekin. Aldaketak azken bide tarte horri eragiten diola aipatu dute.
“Landa bideak zuzeneko lotura du Zaisa III-ko errepide nagusiarekin, eta ohartu gara beharrik gabe erabiltzen dutela zenbait ibilgailuk industrialde horretara joateko, bertara sartzeko edo irteteko beste ibilbide batzuen ordezko bidezidor gisa”, gaineratu du udalak.
Udalaren esanetan, bide horren funtzionamendua etxebizitzetara joateko pentsatua dago, eta ibilgailu astunak bertatik pasatzeko beharrezko baldintzak betetzen ez dituela nabarmendu dute: “Bide estua da, ez dago aukerarik kontrako norakoan doazen bi ibilgailu gurutzatzeko eta, ohiko ibilbide gisa erabiltzen dutenez, behar baino azkarrago doa trafikoa eta arriskutsua izan daiteke oinezkoentzat, landa bideetan ohikoa baita oinezkoak eta ibilgailuak batera ibiltzea”.
Udalak gogorarazi du badirela Zaisa III gunera sartzeko beste bide batzuk, ibilgailuek “etengabe” erabiltzeko egokiak; hala nola, Gazteluzaharreko bidea edo GI-636 errepidea, Juan Thalamas Labandibar kaletik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario