Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el martes día 31 de Enero de 2023
Jimenez da Irungo alderdi ezkertiarrak maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan izango duen alkategaia. Gaur aurkeztu dute bere hautagaitza.
Irungo Ezker Anitza-IUren Tokiko Batzarrak Santi Jimenez Ussia izendatu du Irungo alkategai maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako. Jimenez, egun, Irungo Udaleko Hezkuntza, Gazteria, garapenerako Lankidetza eta Memoria Historikoa arloen ordezkaria da, eta gaur aurkeztu du bere hautagaitza Arantza Gonzalez alderdiko Gipuzkoako koordinatzaile nagusiarekin batera.
Gonzalezek aitortu du Jimenezek “aise” bete dituela gobernu akordioa eta hauteskundeetara aurkezteko programa. Programa eta akordio horren helburuak “irundarren bizi baldintzak hobetzea eta herritarren benetako arazoei irtenbidea ematea” direla azaldu du koordinatzaile nagusiak, “inor atzean utzi gabe”.
Jimenezek egindako lanaren adibide gisa ikastetxe publikoetako hobekuntzak, haurtxoko bat eta bi gazteleku irekitzea edo udalerriko Memoria Historikoaren Bulegoa martxan jartzea direla nabarmendu ditu Gonzalezek.
Koordinatzaileak jakinarazi duenez, Ezker Anitza-IU “lanean” ari da “Podemosekin koalizioa berrargitaratzeko” maiatzeko hauteskundeei begira: “Koalizio hori aurrerapausoa izan da Irunen politika aurrerakoietan, eta berdintasunaren, justizia sozialaren eta zerbitzu publikoen aldeko arrastoa utzi du”.
Bi urte koalizio gobernuan
Bi urte pasa dira Santi Jimenez Irungo “koalizio aurrerakoiaren” gobernuko kide dela, eta bere alderdi politikoaren parte hartzea azpimarratu du: “Irun hiri solidarioagoa, bidezkoagoa, feministagoa, zerbitzu sozial gehiago eta hobeak dituena, parte hartzaileagoa eta aniztasunari arreta handiagoa ematen diona bihurtzeko funtsezkoa izaten ari da gure parte hartzea gobernuan”. Ildo horretan, Jimenezek gaineratu du, alderdiarentzat “funtsezkoa” dela “herritarrei ahotsa ematea, guztion artean erabaki dezagun zein herri nahi dugun”.
Jimenezek, gainera, berak zuzentzen dituen ordezkaritzetan “gazteei eragiten dieten erabakietan funtsezko zeregina” izan dezaten egiten ari diren “ahalegina” azpimarratu du, hala nola, feminismoan, berdintasunean, ekologian eta iraunkortasunean.
Azkenik, alkategaiak argi utzi du “duela lau urteko ilusio eta konpromiso berarekin” ekingo diola etapa berri horri, “gure bizilagunen beharrei erantzuteko, beren itxaropenak betetzeko eta feminismoan, berdintasunean eta aniztasunean aurrera egiten jarraitzeko orain arte bezala”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario