Noticia publicada en Bidasoko Hitza,el viernes día 31 de Marzo de 2023.
Iker Albisu eta Unai Arroyo. Reparation Sound-eko kideak.
Reparation taldea Iker Albisu, Unai Arroyo, Gorka Iñarra eta Martxel Labaienek osatzen dute, eta duela lauzpabost urte sortu zuten. Reggae musika jartzen hasi ziren eta, gerora, soinu sistema bat sortu dute.
Reparation Sound. Nor zarete?
Iker Albisu: Iker Albisu, Martxel Labaien, Gorka Iñarra eta Unai Arroyo gara. Elkar ezagutu ginen sound system festetara joaten. Hasiera batean, egia da, Iñarra eta biok elkartu ginela eta hasi ginela mundu honetan barrutik mugitzen. Orduan, sound giroko festa bat egiteko eta musika jartzen hasteko gogoa piztu zitzaigun, eta festa bat antolatu genuen.
Unai Arroyo: Nire bidea antzekoa izan zen. Labaien eta biok hasi ginen Albisuk esandako festetara joaten, eta hor egin ginen lauak lagun. Gauza batek bestera eraman gintuen, eta musika jartzen hasi ginen. Laurak elkarrekin, Reparation moduan parte hartu genuen lehenengo festa 2018an izan zen, Tunk aretoan, Growing Dubs deituriko festan. Aurretik egin ziren bi Growing Dubs festak antolatzen aritu ginen, eta hirugarrenean sartu ginen festaren kartelean. Antolatzen egotetik oholtzara pasa ginen, beraz.
Eta momentu batean soinu sistema bat sortu duzue. Nolakoa izan da horra iristeko prozesua?
U.A: Soundarekin iaz hasi ginen, abenduan. Lehen ekitaldia Fika herrian [Bizkaia] izan zen Euskal Dub Etxearekin, bertako pilotalekuan.
I.A: Basque Reggae Kultur elkartean ere sartu gara. 2018an antolatu genituen hiru festak eta gero proposatu ziguten elkartean sartzea. Gauza berbera egiten ari ginen eta, gainera, Donostia ondoan.
Zer esan nahi duzue gauza berbera egiten ari zaretela esatean?
U.A: Mugimendua sortzen, ikuspuntu berberarekin.
I.A: Euskal Herrian erreferente asko ditugu sound mugimenduetan, eta Iberiar penintsulako lehenetarikoak ere badira horietako batzuk. Donostian Dreadrive Sound System dago, eta horiek hasieratik daramate jo eta su.
Sound-arena mugimendu bat dela esan daiteke, beraz. Nola dago errotuta Euskal Herrian?
I.A: Bakoitzak bere ikuspuntua du horren gainean. Oso zabala da. Jatorrizko sound systemean aritzea da maite duguna. Biniloak jartzen ditugu disko-jogailu batekin, ahal bada sound systema eramaten dugu ere, eta ez dugu musika nahasten: biniloa jarri eta buelta ematen diogu, eta instrumentala entzuten da. Horrela egiten zuten eta horrela gustatzen zaigu.
Londresera mugitzen zarete askotan. Zeren bila?
I.A: Orain hor dago guri gustatzen zaigun mugimendua.
U.A: Garai bateko pintxaden antzekoak han daudelako joaten gara.
Gaztea al da mugimendu hori?
U.A: Ez. Gu gara gazte bakarrak festa horietan, eta azal zuria duten ia-ia bakarrak.
Iazko maiatzean festa bat antolatu zenuten Sargia parkean. Zer izan zen hori zuentzat?
U.A: Antolatu dugun gauzarik esanguratsuena izan zen, dudarik gabe. Frantziako talde bat ekarri genuen, izen handikoa mundu mailan. Watts Attack izan zen soinu sistema sonorizatu zuena. Azken horiek ere Euskal Herriko erreferente handienetarikoak dira, eta asko lagundu digute.
Gustatuko litzaiguke iaz Sargian egin genuen ekitaldi hori errepikatzea. Gure orduko asmoa izan zen familia giroa sortzea eta hori lortu genuen. Gurasoak eta haurrak gerturatu ziren, besteak beste. Bazkaltzen geratu ziren eta, oro har, askotariko jendea elkartu zen. Horretaz oso kontent gaude. Erakutsi dugu soinu sistema bat jarrita jendea elkartu egiten dela. Azkenean soinu sistemaren jatorria ere hori da, musika soila baino zerbait gehiago izatea. Musika jartzen zuten eta elkartu egiten ziren. Ordukoa ez zen Europan orain dugun festa kontzeptua.
I.A: Festa bat baino gehiago da, horretan ez da zalantzarik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario