Eta, berriz ere, badator Korrika! Gaur bertan egin dute 23.Korrika izango denaren aurkezpena Donostiako San Telmo museoan, eta, 2024ko martxoan ospatzekoa den egitasmo horren nondik norako batzuk azaldu dituzte Korrikaren arduradun Ane Elordik eta AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakari Aitziber Balantzategik. Elordik eta Balantzategik Donostian eskainitako agerraldian azaldu dutenez, hurrengo Korrikak finkatuta ditu jada irteera eta helmuga, datak, leloa eta omendua. Egitasmoaren ibilbide zehatza eta abestia ezagutzeko ordea, itxaron egin behar oraindik.

Ibilbide zehatza ez, baina abiapuntua eta helmuga zein izango diren argitu dute aurkezpenean. Irunen, Gipuzkoan, abiatuko da Korrika euskararen aldeko ibilaldia 2024ko martxoaren 14an, eta Baionara iritsiko da amaieran, hamar egunen ondoren, martxoaren 24an. Baionako amaiera egunean, jada egitasmo honen tradizio bilakatu den mezu sekretua irakurtzearekin batera, egun osoko ospakizunez beteriko egitarauaz gozatu ahalko dute bertaratzen diren guztiek. 23.edizio honen leloa aurkezteko ere balio izan du San Telmo museoan egindako aurkezpen jendetsuak.



Vídeo Korrika 2024

Harro herri izango da datorren Korrika honek soinean eramango duen leloa, aurkezpenean azaldu dutenez, “hizkuntzarekiko euskaldunok dugun harrotasuna adierazteko mezu aproposena” dela iruditu zaiolako AEK-ri. Aitziber Balantzategik aurkezpenean esan duenez, “aurreko aldiko parte hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela, eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula”.

Gainera, azken korrika “Covid19-aren pandemiaren ondoren egin zen lehen mobilizazio erraldoia” izan zela azpimarratu nahi izan du Balantzategik, eta “azken aldian Euskararen aurkako zenbait instituzioetatik datorren uholde erreakzionarioaren aurka egiteko” aurtengo egitasmoaren bat egiteko deia egin nahi izan die herritarrei. Hala ere, aurretik aipatutako harrotasun hori “konformismoarekin” ez nahasteko eskakizuna ere egin nahi izan dute Balantzategik eta aurkezpenean izan diren gainerako kideek.

“Harro bai, baina konforme ez” izan dira aurkezpenean erabilitako hitzak. Eta, era berean, erakundeei erreparatu die bereziki AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakariak, horiek ere hizkuntzaren egunerokoan eta normalizazioan ardura izan behar dutela azpimarratuz. “Herritarren etengabeko ahaleginarekin batera, hizkuntza politika ausartagoa eta behar bezain besteko inbertsioak ezinbestekoak dira” azaldu du. Horregatik, 2024ko Korrikan jasotako dirua Euskal Herri osoan euskara normalizatzera bideratuko dela zehaztu nahi izan dute.

Eta, nola ez ba, leloaz eta ibilbidearen hasiera eta amaieraz gain, 23.edizio honetako omendua ere aurkeztu da gaur San Telmo museoan. Ane Elordiren hitzetan, “aurtengo omendua herritarrek euskararekiko egin ohi duten ahalegin horren adierazle bikaina da”. Izan ere, oraingo honetan Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko baitu Korrikak. Hain zuzen ere, Elordik azaldu duenez, “Frantziako Estatuko hizkuntza-legeari aurre eginda baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen” egin duten lanagatik. Korrikako koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, “gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beraien notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direnaren jakitun”. Korrikak eskainitako omenaldia haien egoera ezagutzera emateko bozgoragailu izango denaren esperantza ere baduela aipatu du Elordik.

Aurkezpenarekin amaitzeko, bertaratuei eskerrak eman eta euskal herritarrei egitasmoan parte hartzeko deia luzatu die berriz ere. “Euskarak mugitzen du Korrika, eta Korrikak mugituko du orain euskal gizartea” izan dira amaieran esandako hitzak. Aurrerago, abesti ofiziala eta ibilbidea ere zabalduko ditu antolakuntza taldeak, baina, oraindik, itxaron egin beharko dugu horien berri izateko.