Ikertzen ari dira Bidasoan agertutako irundarraren heriotza
Igande goizean topatu zuten 52 urteko gizonaren gorpua, Santiagotarrak arraun elkartearen parean. Azken Portu auzokoa zen.
[BERRIA hedabidean argitaratutako albistea da honakoa]
Igande goizean, 10:00etan, piraguan zebilen batek gizon baten gorpua aurkitu zuen ibaian, Santiago zubiaren inguruan. Santiagotarrak arraun elkarteak uretara jotzeko darabilen moilaren eta zubiaren artean zegoen hilotza, ibaiertzetik gertu.
Hildakoa 52 urteko irundar bat da, Azken Portukoa. Guardia Zibila arduratu da heriotzaren nondik norakoak ikertzeaz, mugaldean agertu delako hilik. Atzo arratsaldean, Donostiako Auzitegi Medikuntzako Institutura igorri zuten. Oraingoz, ez dute bestelako xehetasunik eman.
Atzo goizean Herrizaingo Sailak azaldu zuenez, piraguan zebilen arraunlariak eman zuen abisua. Ertzainak, suhiltzaileak eta guardia zibilak bertaratu ziren. Guardia zibilek zodiak bat erabili zuten, eta eguerdian erreskatatu zuten hilotza. Arroketatik gertu zegoen.
Iraganean Bidasoa zeharkatu nahian hainbat migrantek bizia galdu izan dutenez, hasieran susmoa piztu zen antzeko beste kasu bat izango ote zen, baina Guardia Zibilak arratsaldean baieztatu zuen hildakoa irundarra zela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario